Bisitarien interesak kontuan hartuta, turismo webgune berria sortu du Bermeoko Udalak
www.bizibermeo.eus webguneak Bermeoko altxorrak eta eskaintza turistikoa modu erakargarri eta praktiko batean erakustea du helburu. Telefono mugikorretan erabiltzeko egokituta dagoen webgunea dela azaldu dute Bermeoko Turismo zinegotzi Irune Ormaetxeak eta Bermeoko Turismo Bulegoko arduradun Bego Gangoitik.
Ormaetxearen esanetan, turismoa sustatzea Bermeoko Udalaren «apustu garrantzitsua da», eta hori lortzeko, «funtsezkoa da webgune berritzailea, erakargarria, praktikoa eta dinamikoa» edukitzea. Bidaiak antolatzerako orduan, egun, pertsona askok Interneten bilatzen dute informazioa, horregatik, webgunea «ezinbesteko» tresna dela uste du zinegotziak.
«Webgune berria gure toki ederrak, gure produktuak eta gure herrian gozatzeko aukera ezberdinak erakusteko erakusleiho aparta da», dio Ormaetxeak. Gainera, aldakorra eta dinamikoa izango dela nabarmendu dute. Hori dela eta, datozen hilabeteetan bideoak eta urte sasoi bakoitzagaz lotutako argazkiak eta informazioa eguneratuko dituztela esan dute.
Webgune berriak Bermeoko Udalak Bermeoko xarmak erakusten dituen «bideo ederra» erakusten du, eta, herriko altxor Gaztelugatxeko San Juan eta Matxitxakori buruzko informazioa eskaintzen du. Horrez gain, zelan heldu, eta jateko eta lotarako eskaintza ere aurki daitezke.
Era berean, Bermeon ikusi beharreko hamar leku ederrenak eta hamar begiraleku ikusgarrienak erakusten dizkio bisitariari.
Egin daitekeena. Negua izanik, Bermeon urtaro honetan egin daitezkeen gauzei buruzko azalpenak ematen ditu, bai eta umeekin egin daitezkeenaren berri eman ere. Turismo aktiborako aukerak ere ikus daitezke. Esaterako, Nordic Walking Guneen Sarean dagoen herria da Bermeo, eta eskaintzen dituen lau ibilbideen berri ematen du webguneak.
Agendak ere leku «garrantzitsua» du, ekimen kulturalak, kirol ekimenak, jaiak, azokak eta bestelakoak oso interesgarriak izan daitezkeelako bisitariarentzat.
Inguruko interesguneak ere agertzen dira, «Bermeora datorren bisitaria Urdaibai ere bisitatzen duelako, eta interesgarria da informazio hori ematea».
Une honetan, webgunea euskaraz eta gaztelaniaz aurki daiteke, baina laster frentsesez eta ingelesez ere jarriko dutela azaldu dute: «Kontuan izan behar dugu gure herrira Espainia, Frantzia, Ingalaterra eta Ameriketako Estatu Batuetatik gero eta pertsona gehiago datozela. Orduan, informazioa haien hizkuntzetan eskaintzea garrantzitsua da».
Turismo zinegotziak adierazi duenez, gero eta gehiago dira Bermeo bisitatzen dutenak. Azken hiru urteetan %38 inguru igo da turismo bulegotik pasa den turista kopurua. Bestalde, nabarmentzekoa dela dio 2017an azken hamazazpi urteetako daturik onena izan zuela; 43.000 bisitaritik gora izan zituen.
Hortaz, aukerak aprobetxatzen jakin behar dutela esan du Ormaetxeak, «bai erakunde publikoek, bai eta turismoari begira lanean dabiltzan guztiek».