Besaldek, Bermeoko Sahararen aldeko elkarteak, janari ugari batu du Busturialdean, Sahararen aldeko Euskal Karabana Solidarioaren bitartez. Elkarteko ordezkariek jakitera eman dutenez, 6.306 kilo jaki batu dituzte, hain zuzen ere.
Boluntarioak bildutako jakiak kamioira sartzen. Argazkia: Besalde
Bermeo, Busturia, Mundaka eta Gernika-Lumoko denda eta hezkuntza zentroetan, Muxikako eskolan, eta Gautegiz Arteagako eskolan egin dute aurten jaki bilketa.
“Oso pozik” agertu dira Besaldekoak eskualdeko herrietako bizilagunek emandako erantzunarekin, eta eskerrak eman gura dizkiete aipatu kanpainan parte hartu duten norbanako, elkarte, denda, enpresa, hezkuntza zentro eta udal guztiei. Era berean, eskerrak eman dizkie Caritas eta Ongi etorri errefuxiatuak Busturialdea plataformari, Salica arrain enpresari, Bermeoko Ospitale Psikiatrikoari, komunikabideei, kaxak eta kamioia kargatzen lagundu duten guztiei, eta parrokiei; bereziki, Bermeoko San Frantzisko komunitateari, jakiak biltzeko lokala uzteagatik.
Elikagaiez gain, partikularren diru laguntza ere jaso dutela azaldu dute, 290 euro, hain zuzen ere.
Sahararen aldeko euskal karabana otsailaren 24an abiatuko da; aurten, Bilbotik aterako da, hain zuzen. Bildutako guztia Aljeriako kanpamenduetara eroango dute. Izan ere,
Piztu Itxaropena izeneko kanpainaren helburu nagusia herri sahararrera ahalik-eta elikagai kopuru handiena eroatea dela gogorarazi gura izan dute, errefuxiatuen kanpamenduetan duten elikagai falta asebetetzekotan.