Handiaren hamar Goya sarietatik bat musika original onenarena da. Beste hainbat filmetan modura, hemen ere Pascal Gaignegaz lan egin du Mikel Fernandez Krutzaga (Gernika-Lumo, 1971). Radio Gernikan soinu mahaia zer den deskubritu, eta, geroztik, disko, pelikula eta bideo joko askotan lan egin du soinu ingeniari eta ekoizleak. Bere lana sarritan saritu dute, baina saririk onena egindako lanagaz norbera zein norberagaz lanean dihardutenak gustura geratzea dela nabarmendu du.
Pascal Gaignegaz Musika Original Onenaren Goya saria jaso berri duzu. Espero al zenuten?
Zaila da halako sari garrantzitsuetan norbere burua saritua ikustea. Alberto Iglesias eta halako jendeagaz bertan egonda, ikaragarrizko poztasuna ematen du. Ohore bat da. Urtero pelikula asko egiten dira, eta izendapena bera garrantzitsua izan da.
Zelan bizi izan zenuten unea? Eta aurreko eta osteko egunak zelakoak izan dira?
Aurreko egunetan lanean egonda, ez duzu hortaz asko pentsatzen, zelan izango den etab. Zure lanean zaude. Baina egun horretan Madrilgo bidean pentsatu nuen, “Handia pelikula, euskal pelikula bat, 13 nominazio, ea zer lortzen duen. Ea zer pasatzen den”. Bertan egon, eta lehen Goya lortu genuen, eta beste bat, eta ondoren besteak… 10 Goyaraino ailegatzea izugarrizko poztasuna izan zen, bai pelikulagatik, bai eta euskal kulturagatik ere. Hurrengo egunetan berriz estudiora bueltatu naiz, eta beste proiektu batzuetan jarraitu dut lanean.
Hamahiru izendapenetatik hamar eskuratuta, ospakizuna ere merezitako modukoa izango zen.
Gala amaituta, auditorio ondoan egiten den festan egon ginen, akademiko, nominatu eta saritu guztiekin; jendeagaz hitz egiten, eta pixka bat ospatzen. Gauza apur bat luzatu zen, bai.
Zelan sortu zenuten Handia-ren soinu banda?
Musika, konposizioa, dena da Pascalena; berak konposatu eta idazten du musika guztia. Gero, bera lanean dabilela, beragaz harremanetan jartzen naiz, eta ze prozesu erabili beharko dugun aztertzen dugu, sortzen ari dena ahalik-eta ondoen grabatzeko eta gauzatzeko. Hor produkzio lan bat egoten da; nola egin pentsatu, zelan eraman… Handia-n erabaki genuen orkestra sinfonikoa behar genuela. Aukerak begiratu ondoren, Bratislavara joan ginen grabatzera. Aurre-produkzio lana eginda, gauzak prestatuta abiatu ginen. Hango orkestra sinfonikoa grabatu, eta hona bueltatzean hemen nahasketak egin nituen.
Tandem bat osatzen duzue, eta elkar ondo ulertzea funtsezkoa da, beraz.
Berak konposatutako musika, buruan duen ideia hori pelikulan jartzea da nire lana. Askotan ez da gauza matematiko bat; esatea hemen dago piano bat hiru nota jotzen dituena. Hori ere bada, baina hor sartzen dira sentimenduak, ze atmosfera eta ze giro sortu behar diren musika hori behar bezala pelikulan sartzeko, eta musika horrek eman nahi dion sentsazioa pelikulak ere hartzeko. Horretarako teknika ezberdinak erabiliz giro berezi bat sortu behar dut pelikula bakoitzerako. Hori da gehienbat nire lana. Nolabait esanda, pelikulagaz batera joango den giro-musikala teknikoki sortzea, jendearengan emozio bereziren bat sortzeko.
Hainbat lan egin dituzu Pascalegaz, elkarlanean lortu duzuen lehenengo Goya al da?
20 bat urte izango dira Pascalegaz lanean nagoela, gauza ezberdinak egiten. Pelikula asko egin ditugu elkarrekin. Musikagatik nominatuta gehiagotan egon gara; tartean,
Loreak-ekin. Baina bai, aurreneko Goya izan da Pascalegaz. Izendapen zein sari gehiago ere egon dira aurretik beste konpositore batzuekin.
Aurreneko izendapena zein izan zen gogoan daukazu?
2015eko Goya sarietan Pascalegaz
Loreak filmagatik musika originalenaren hautagaitza. 2016an animaziozko film labur onenaren Goya irabazi zuen
Alike. Iaz, El Olivo musika originalenaren sarirako hautagaietako bat Oscarretarako aurre-hautagaietako bat izan zen. Gero, adibidez,
Los Parecidos Mexikoko produkzioa, Sitgeseko Jaialdian kritikaren saria jaso zuena. Beste alde batetik,
La Caida de la Casa Usher animaziozko film laburra 2013ko Oscarretarako hautagaien artean egon zen, eta short list-era ailegatu zen –azken hamar hautagaiek osatzen dute–. Christopher Lee aktore ezaguna zen narratzailea. Aitor Amezaga konpositoreagaz egin nuen
Frio Sol de Invierno-rako musika. Pablo Malok zuzendari berri onenaren Goya eroan zuen. Bestalde, Premios de la Musica jaso duten disko asko daude: Benito Lertxundigaz, Kepa Junkeragaz, Oreka TXgaz, Tapiagaz…
” Nire lana pelikulagaz batera joango den giro-musikala teknikoki sortzea da, jendearengan emozio bereziren bat sortzeko”
Lan asko eta sari dezente jaso dituzu han eta hemen. Gauzak ondo egin dituzunaren seinale.
Sariak opariak dira, bidean agertzen diren opariak. Zuk egiten duzun lan horri oparitxo bat. Noizbehinka etortzen dira, eta poztasuna ematen dute. Lan hauek oso sakrifikatuak dira, eta ordu asko sartu behar dira. Niretzat saririk onena norbera bere lanekin oso gustura geratzea da, eta zugaz lanean ibili diren besteei zure lana gustatzea eta pozik egotea zure lanagaz. Hori da garrantzitsuena eta poztasun handiena ematen duena.
2004an Kepa Junkeragaz irabazitako folklore album onenaren Grammy latinoa ere badaukazu estudioan. Hori ere ezustekoa izan al zen?
Bai, itzela. Kepa Junkeraren
K diskoa oso disko handia da. Normalean diskoak estudioan grabatzen dira, baina hau gonbidatu asko bildu zituen zuzeneko bat da. Hemengo musikariez gain, Bulgariatik, Quebecetik… etorri ziren. Astebete egon ginen Arriagan lanean, eta, horretarako, Paristik unitate mugikor berezi bat ekarri genuen, momentu horretan justu Phil Collins erabiltzen ari zena. Estudioan nahasketak egin nituen ondoren, eta Emmy disko etxeagaz kaleratu zen. Jendea gustura, eta ni ere egindako lanagaz oso pozik. Halako batean, Grammy saria irabazi zuela esanez deitu ziguten. Ikaragarrizko poztasuna izan zen horrelako saria jasotzea. Euskal Herriko doinuekin, instrumentuekin gure kultura zabaldu zuen. Izugarrizko ezustekoa izan zen, eta izugarrizko ilusioa egin zigun. Duda barik, disko ona da, eta musikari onekin egindakoa. Baina zeinek imajinatzen zuen orduan Euskal Herrian trikitixagaz egindako disko bati sari bat emango ziotela Ameriketan; eta ez edozein sari, Grammy bat.
Lan asko eta ibilbide luzea egin duzu, baina noiz hasi zinen, noiz deskubritu zenuen zure lanbide eta pasioa dena?
14 bat urtegaz, Roberto Muñoz laguna eta biok Radio Gernikara joan ginen. Han interesa piztu zitzaidan, eta Itxasok esan zidan gustatuz gero, arratsaldeetan handik pasatzeko. Institututik irten eta arratsaldero joaten nintzen ikastera. Gero, Andoainen Irudia eta Soinua ikasi, eta Oskorriko soinu teknikarien lan taldean hasi nintzen, eta horregaz batera, kontzertu batzuetan soinu teknikari aritu nintzen. Esaterako, Gernikan nire lagunekin Hemendio taldean. Gainera, 25 urteren ostean, martxoan Gernika-Lumoko Lekuek festibalean egongo gara.
Eta zein da grabatu zenuen lehenengo diskoa?
Hogeita piku urtegaz hasi nintzen grabaketekin. Mikel Urdangarinen bere aurreneko diskoa izan zen nire lehen lana. Horrela hasi nintzen mundu honetan. Gauza batek beste batera eramaten zaitu, eta diskoetatik pelikuletara saltoa eman nuen. Mensaka izan zela nire lehen pelikula, eta kasu honetan ere, Pascal izan zen konpositorea. Gerora, beste hainbat konpositoregaz egin dut lan: Angel Illaramendi, Bingen Mendizabal, Juan de Araujo… Askogaz, eta pozik.
Ibilbide oparoa, eta askotariko adarrak ukituz. Disko eta pelikulez gain, bideo jokoetan ere aritu zara.
Bai, denak daude soinuaren barruan; irratia, zuzenekoak egitea, estudioko lana… Beti gustatu zait ikastea; gauza berriak ikastea. Sistema berriak eta egiteko modu berriak ikastea, alegia. Eta beti saiatzen naiz lan bakoitzari nire estiloa, nire ikuspuntua ematen.
“Teknika ezberdinak erabiliz, giro berezi bat sortu behar dut film bakoitzerako”
Amezketan duzun Musikart Estudioan makina bat ordu egiten dituzu. Noiztik daukazu zeure estudio propioa?
Zortzi urte daramatzat estudio honetan. Lehenago Izeta films-en egon nintzen grabatzen, eta askotan grabatu dut Elkarren bai eta Andoaingo Garate Estudioan ere. Baina erabaki nuen bai postprodukziorako baita nire gauzak egiteko ere, nire laborategia, nire tokia behar nuela.Nire gustura gauzak egiteko erreminta bezala. Musikari batek bere instrumentua erosten duen bezala, praktikatzeko eta garatzeko. Estudio bat sortu nuen lanean jarraitzeko.
Zortzi urte hauetan jende askorentzako lan egiteko aukera izan duzu. Jende asko pasatu da hortik.
Pelikula asko, eta diskoak ere asko. Euskal Herrikoak Benito Lertxundi, Mikel Urdangarin, Mikel Marquez, Mixel Ducau, Oreka Tx… pasatu dira hemendik. Pelikula dezente egin ditut, uste dut 20 bat pelikulatan egon naizela; azkenetarikoa laster estreinatuko den Bajo la Piel del Lobo da. Eta astelehenean bukatu nuen Suediarako pelikula baten soinu banda. Mexikorako pare bat ere egin ditut. Bideo jokoetan, saga japoniar bat, giro japoniarreko saga oso garrantzitsu batean parte hartu nuen, eta Txinarako ere egin ditut batzuk.
Eta nazioarteko sortzaileekin hartu-emana edukitzea erraza al da?
Egia esan, gaur egun, Internet dela eta, mundu guztiagaz konektatzeko aukera dago, askoren alboan lanak egiteko aukera dago, eta ari naiz. Kanpoko jendeagaz ere bai. Esaterako, Alemaniarako, Frantziarako edota Kanadarako egin ditut lanak. Lan desberdinak, jende ezberdinarentzat. Jendea ezagutzen duzu, deitzen zaituzte, eta lanean jarraitzen duzu.
Gernikan jaioa, Amezketan bizi eta lan egiten duzu. Zure lanagatik hara eta hona ibiltzeko aukera izan duzu. Zure bizitzari ze soinu banda edo ze musika jarriko zenioke?
Gernikako Don Tello kalekoa naiz bai, plaza aurrekoa. Hortxe egoten nintzen ni, Labakoa okindegitik Biltokiraino; kale hori nire kalea da. Lehen plaza zaharrera astoagaz etortzen zirenean, hantxe egoten nintzen, begira. Oroitzapen asko ditut. Nire kabia hori izan da beti. Gustatuko litzaidake tren baten soinua izatea; erritmo polit batean martxan doan trena. Beti bidean, eta lanean. Hori izango litzateke nire soinu banda. Gustatuko litzaidake horrela jarraitzea, hau luzerako izatea.