Lehiaketa eta ospakizuna lotuko ditu Beteranoen Txapelketak
Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketaren ligaxkako partidu bi jokatuko dira inauteri domekan, Lekeitioko Trinketean. Ohi bezala, 10:00etan hasiko dira norgehiagokak, eta, oraingoan, Kaltzakorta-Bastida eta Jaunarena-Foster bikoteen arteko dema izango da...
Bigarren partida hasi aurretik, 2018ko txapelketako argazkia aterako dute parte hartzaile eta epaileek, eta 11:00etan hasiko da eguneko azken partidua. Horretan, Moral-Martin eta Beraza-Etxabarria bikoteak neurtuko dira. Urteko dema politenetako bat izango dela azaldu dute txapelketaren antolatzaileek. «Bikote biak parekoak dira, eta urteetan ezagutzen direnez, joko alai eta bizkorra erabiltzen dute tantua lortzeko». Pilotariek animaziorik ere ez dute falta izango, batez ere, lekeitiarrek, eta horrek abantaila txiki bat suposatu dezakeela aitatu dute.
Ospakizunerako tartea
Txapelketako partiduez gain, ospakizuna ere izango dute domekan txapelketako partaide, epaile eta antolatzaileek. Lekeitioko Artolaba Elkartekoek omendu egin nahi dituzte egiten duten lanagatik, eta, beraz, partiduen ondoren, herritik ibilaldi bat egin eta bazkaria izango dute Lekeitioko alde zaharreko txokoan.