Euripeko jai koloretsua
Ondo pasatzeko gogoa eta lotsak albo batera lagatzea izango dira euriari eta hotzari aurre egiteko bidea. Sariak egongo dira zenbait herritan mozorro originalenentzat. Ohiko pertsonaiek ere ez dute hutsik egingoKolorez beteta eta euriak ez zapuzteko as...
Ondo pasatzeko gogoa eta lotsak albo batera lagatzea izango dira euriari eta hotzari aurre egiteko bidea. Sariak egongo dira zenbait herritan mozorro originalenentzat. Ohiko pertsonaiek ere ez dute hutsik egingo
Kolorez beteta eta euriak ez zapuzteko asmoagaz. Horrela datoz beste urte batez ere inauteriak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdera.Herririk herri antolatutako ekintza ia gehienak eguraldiaren menpe egon arren, txikienek eta hain txiki ez direnek ere ez dute gozatu gabe pasa nahi neguko jairik koloretsuena. Gora begiratu eta euriak atseden hartzea eskatu dute askok, azken urteetan kalejirarik ere egin ezinda geratu direlako zenbait herritan. Gaur hasi eta martizenera bitarte, herrietako txokoak alaituko egingo dira mozorro eta apaingarriekin.
Bakoitzak nahi duen pertsonaia, lanbide, gauza edo objektu mozorrotu, eta egun batez bada ere, norbere izena albo batera uzteko garaia da.
Gaurtik datorren zapatura bitartean, kalejirak, dantzaldiak, tostada eta mozorro txapelketak, jolasak… egongo dira aukeran. Umeek zein nagusiek ondo pasatzeko egunak datoz.
Tradizionalak
Urteroko pertsonaiak ez dira faltako Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herrietan. Beste behin ere, Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko… ikusteko aukera edukiko dute Lantzeko inauterien baitan Bermeon, Busturian edo Ajangizen, esaterako. Eta, Mundakan, atorrak eta lamiak ere prest daude domekan kantu eta orroekin herriko kaleak girotzeko. Markina-Xemeingo zaldi zinta jokoak, Mutrikuko Pikomelatosek eta Ondarroako Lantzoi jaunak eta Akulik ere ez dute galduko aurtengoa.
Ikastetxeek ere ez dute hutsik egingo, eta urtero egin modura, aratusteak ospatuko dituzte. Ikasle, irakasle eta gurasoak prest daude kaleak hartzeko, eta eguraldiak lagunduz gero, kalejirak egingo dituzte herri asko eta askotan. Batzuetan, gaur bertan egingo dute, eta beste batzuetan, berriz, martitzenean.
Berritasunen bat edo beste ere badago aurtengo aratusteetako egitarauan. Bermeon, esaterako, lehenengoz, Txosna Batzordeak antolatutako jarduerak egongo dira; horiek, baina, otsailaren 17an izango dira. Aldiana, aldianu eta olatuek ekarrikuek batuko dira kalejira ezberdinetan, eta bertso bazkaria ere antolatu dute, besteren artean. Ondarrutarrak ere batuko dira jai horretara, bermeotarrei bisita itzuliz.