EAJk herria birgaitzeko 15 zuzenketatik gora aurkeztu dizkio aurrekontuari
Araneko kiroldegian larrialdietarako eskailerak jartzeko 200.000 euroko inbertsioa eskatzen dute. Bilketa selektiborako guneak egokitzea ere proposaten duteBermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) hamabost zuzenketatik gora aurkeztu dizkio EH Bilduk 201...
Araneko kiroldegian larrialdietarako eskailerak jartzeko 200.000 euroko inbertsioa eskatzen dute. Bilketa selektiborako guneak egokitzea ere proposaten dute
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) hamabost zuzenketatik gora aurkeztu dizkio EH Bilduk 2018. urterako planteatu duen udal aurrekontuaren zirriborroari.Zuzenketa horiek guztiak 740.000 euroko kopurua egiten dutela azaldu dute, eta %53 baino gehiagok herriko hirigintza birgaitzeko proposamenekin lotura dute, «auzoetan iriste erraztasuna hobetzeko eta kaleak egokitzeko eta moldatzeko».
Zerrenda horretan Araneko kiroldegia dago. Larrialdietarako eskailera bat egitea ondo legokeela uste dute jeltzaleek: «Eraikinari irteera alternatiboa emango lioke. Gaur egun ez dauka, eta arriskuak sor ditzake». Diotenez, obra horrek 200.000 euroko inbertsioa eskatuko luke.
Beste alde batetik, antzinako Jose Done ikastetxeko kirol kantxan 30.400 euroko inbertsioa egitea eskatu dute, hobekuntzak egiteko. «Herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dute, eta ohitura osasuntsuei bultzada emateko aukera ere bada».
Zirkulazioaren antolaketa
Zaborretarako edukiontzi batzuk ordezkatu, eta bilketa selektiborako guneak egokitzea ere ondo legokeela uste dute, eta hobekuntza horien kostua 35.000 eurokoa litzatekeela esan dute.
Artike Bidea, Ander Deuna, Askatasun Bidea, Tellaetxe tar Josu eta Erreñe Zubik bat egiten duten gunean, autoen zirkulazioa antolatu beharra dagoela diote: «Ibilgailuen zein oinezkoen segurtasuna hobetuko litzateke, eta saihesbideagaz egingo den loturarako prestatzeko aukera ere emango luke. Horretarako, 202.545,36 euroko aurrekontua beharko litzateke». Ondarraburu kalerako ere antzekoa proposatu dute jeltzaleek. Horien arabera, kale horretako espaloiak estuegiak dira, eta euria egiten duenean, hor dagoen malda «arriskutsu» bihurtzen da. Horretarako, 50.000 euroko inbertsioa proposatu dute.
Ibilgailuak aparkatzeko leku falta ere badagoela uste dute, eta herrian «kezka» sortzen duen gaia ere badela gaineratu dute. Egoera hori konpondu asmotan, EAJk Itsasbegin aparkaleku berria egitea proposatzen du. Hasierako fase batean, lurzorua erostea eta proiektua idaztea izango litzatekeela diote. 40.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute horretarako.
Txakurrentzako guneak
Herritarrekin egindako prozesu parte hartzaile ezberdinetan antzeman den beharrizanetako bati erantzuna eman asmoz, bestalde, txakurrentzako gune bereziak prestatzea proposatzen dute. «Gune horietan, txakurrek 24 ordu solte ibiltzeko aukera eduki ahalko lukete, iturriekin, argiekin, zakarrontziekin…». Hainbat gune proposatu dituztela esan dute, 20.257 euroko inbertsioa eginez.
Ekintzailetzarako laguntza programa herri guztira zabaldu beharra ikusten dute, eta ez Alde Zaharrean bakarrik egitea. Era berean, etxebizitzen alokairua ordaintzeko programa osatu beharra ere badagoela iritzi diote. Ekimen horretan, 70 urtetik gorako adinekoen eta desgaitasunen bat daukaten pertsonen egoerak kontuan eduki, eta arreta berezia jarri beharko litzatekeela adierazi dute jeltzaleek.
EAJren iritziz, Ludoteka zerbitzua indartu beharko litzateke, eta nekazal guneetako herritarrentzako auto-taxi zerbitzuaren ordutegia eta zerbitzua zabaldu beharko litzateke. Horretarako, 2.000 euroko kopurua proposatu dute. Beste alde batetik, Itsuki Irratiarentzat 3.000 euro eskatu dituzte.
Jeltzaleek aurkeztutako zuzenketek, bestalde, beste hainbat jarduera aurreikusten dituzte. Hala, Esparru kaleko eskaileretan, eta, era berean, Teodoro Anasagati kalean arrapala mekanikoa jartzeko proiektuari heltzea eta bere bideragarritasuna aztertzea proposatu dute, 2010. urteko plan komertzialean jasota zegoen bezala. Eskaileratako 20.695 euroko inbertsioa eta arrapalarako 30.000 eurokoa aurreikusten dituzte.