Badator VI. Urdaibai Kopa
Aurten ere zazpi mendi lasterketak osatuko dute. Datorren hilabetean Ibarrurin egingo dute lehenengoa, eta dagoeneko bertan parte hartzeko izena eman daitekeEskualdeko zein inguruko korrikalarien eta mendizaleen bilgune den VI. Urdaibai Kopa hastear da...
Aurten ere zazpi mendi lasterketak osatuko dute. Datorren hilabetean Ibarrurin egingo dute lehenengoa, eta dagoeneko bertan parte hartzeko izena eman daiteke
Eskualdeko zein inguruko korrikalarien eta mendizaleen bilgune den VI. Urdaibai Kopa hastear da. Aurten ere zazpi probak osatuko dute.Ospe handiko kirol egutegi bat sortzeko asmoz jaio zen Urdaibai Kopa, eta, urtez urte, mendi martxa eta lasterketetan erreferente izatea lortu dute. Urdaibaiko natur zein kultur ondareaz gozatzeko aukera eskaintzen du, parte hartzaileengan kirol balioak barneratuz.
Martxoaren 4an Ibarrurin hasiko da, eta aldez aurretik izena emateko azken eguna otsailaren 27a da. Asteon zabaldu dute izen ematea, www.urdaibaikopa.eus webgunean. https://sites.google.com/site/ibarrurikomendimartxa/ web orrialdean ere izena emateko lotura aurki dezakete interesatuek.
Antolatzaileek esan dute, edozein arazo edukiz gero, ibarrurikomendimartxa@gmail.com helbidera mezua bidaltzeko.
Martxan zein lasterketan parte hartu gura dutenek 8 euro ordaindu behar dituzte Internet bidez aurrez izena emanda. Egunean bertan, ostera, 12 euro ordaindu beharko dira.
Koparen lehen proba honetan mendi martxa luzea eta mendi lasterketa 20 kilometrokoak izango dira. Martxa laburrean izena ematen dutenek 9 kilometroko ibilbidea burutuko dute.
Iaz ere Ibarrurikoa izan zen kopako lehenengo mendi lasterketa, eta Joanes Goitisolok eta Araitz Irazuk irabazi zuten. Hain zuzen ere, bi arrolapetar horiek izan ziren 2017ko Urdaibai Koparen txapeldunak.