Parte hartzea eta konfiantza, Azkue Ikastolaren ardatz
Familia batentzako norbere umea eskolaratzea ez da sasoi erraza, pertsonaren garapenean urte erabakigarriak direla jakinik, are gehiago. Lekeitioko Azkue Ikastolan, matrikulazio kanpainan ere, urte guztian moduan ateak zabalik daude.Azkue Ikastola hezk...
Azkue Ikastola hezkuntza-kooperatiba euskalduna da, 1964ean sortua. Frankismo garaiko zailtasunen gainetik urtez urte finkatuz joan da, gurasoen eta herritarren parte hartze aktiboarekin.
Proiektua garatuz joan da, oinarri eta helburu berdinak izanik, metodologiak eta bitartekoak aldatuz eta hobetuz. Egun, adibidez, konfiantzaren pedagogia eta integrazioaren pedagogia garatzen ari da Ikastola maila guztietan.
Konfiantzaren Pedagogiarekin umea seguru sentitzea bilatzen da: Haurra seguru, babestua eta maitatua sentitzen bada, esploratzeko nahia, autonomia eta jakintza handituko ditu. Integrazioaren Pedagogiaren bitartez, gazteak arlo desberdinetan ikasitako edukiak barneratuko ditu, eta horiekin, bizitzako egoerei eraginkortasunez erantzungo die.
Proiektuek, beraz, garrantzi berezia hartzen dute Ikastolaren egunerokotasunean. Hainbat proiektu dituzte martxan: KiVa bullying-a lantzeko, NAHIKO hezkidetza ikuspegi bat garatzeko Emakumenderekin batera, Arragua sormen espazioarekin batera elkarlan estua egiten da ikasleek sormena garatzeko.
Zerbikasekin komunitatearentzako zerbitzua eta ikasketak uztartu egiten diren proiektuaren baitan hainbat ekimen egin dituzte ikasleek: Txakur kaka kanpaina, sare sozialean arriskuak eta aholkuak, janari eta jostailuen bilketa, odol emaileak lortzeko kanpaina, eta abar.
Ikasle Profilaren definizioa
«Euskaldun prestatu eta jantziak munduratzea eta Ikasle euskaldun, eleanitz, buru-askeak» formatzea da ikastolak bere buruari jartzen dion eginkizuna. Azken urteetan barne lan eta eztabaida ugari egin dituzte irakasleek eta zuzendaritzak, ikasleak ikastola uzterakoan eduki beharko lituzkeen jakintza eta balioen inguruko definizioan.
Interesa piztu izan du Azkue egiten ari den gogoetak hezkuntza komunitatean; azken bi urtetan 50etik gora ikastola eta hezkuntza eragile etorri dira proiektua lehen pertsonan ezagutzera.
Eraikina konfiantzaren pedagogiaren oinarriekin garatu da, haur hezkuntzan pareta bakar bat ere ez dagoelarik. Arreta deitzen die kanpotik datozenei, baina egiaztatu daiteke haurra ohiko eskola antolaketatik aldenduta ere, eduki berdinak ikasteko gai dela.
Gurasoak: bazkide eta bidelagun
Ikastolak kooperatiba izaera du, non eskubideak eta betebeharrak partekatzen dituzten gurasoek osaturiko asanbladan hartzen diren erabaki nagusiak.
Gurasoek argi dute ez dutela euren seme-alaben hezkuntza delegatu nahi. Ikastolaren jarduna hobetzeko eta beren beharretara egokitzeko eztabaidetan parte hartu eta erabakitzeko egiten diren asanbladetan parte hartzea ezinbestekotzat ikusten dute. Etorkizuneko herritarrak gaurtik hezteko ardura denona delako.