Ohitura zaharrak berritzen
Usadio zaharrak indartsu jarraitzen dute Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean. Kandelaria, San Blas edo Santa Ageda bezpera ospatu dituzte herritarrek hotzari eta euriari aurre eginez.Ohitura zaharrak nagusi izan dira asteburuan, Lea-Artibain, Mutr...
Usadio zaharrak indartsu jarraitzen dute Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean. Kandelaria, San Blas edo Santa Ageda bezpera ospatu dituzte herritarrek hotzari eta euriari aurre eginez.
Ohitura zaharrak nagusi izan dira asteburuan, Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean. Kandelak bedeinkatzen hasi eta Santa Agedari abestuz amaitu dira ekintzak.Sanblasetan Abadiñora joateko ohitura daukate askok eta askok, baina Busturialdeak ere izaten du zer eskaini egun horretan. Busturian, esate baterako, tostada txapelketa antolatzen dute urtero, eta Eako Bedarona auzoan Iñaki Biteriren Mundutik Bedaronara erakusketako argazkiak ikusteko aukera eman dute aurten.
Zapatu eguerdian elizan batu, eta mezan karameloak bedeinkatu ostean, Bedaronako Eskolara hurreratu ziren herritarrak. Hamaiketakoa janagaz batera, Biteriren erakusketagaz gozatzeko aprobetxatu zuten. India, Nepal, Vietnam, Amazonia, Palestina, Bolivia, Venezuela, Kuba, Zeelanda Berria, Laos, Thailandia, Patagonia, Kanbodia, Singapur eta Peruko argazkiekin osatu du zapaturako beren beregi prestatutako erakusketa.
Zuri-beltzeko zein kolore biziko argazkiak bildu ditu Biterik, eta tartean, zaharrenak, diapositibetatik ateratakoak dira. «Argazki asko falta dira. Egun gutxitan prestatuta dagoenez, leku asko geratu dira kanpoan, adibidez, Petra eta Marokoko desertua bezalako leku ezagunak».
Paisaiak erretratatzea gustuko du Biterik, eta gehientsuenak leku ikusgarrietan ateratakoak dira. Hala ere, bateko eta besteko herritarrak ere ageri dira erakusketan. «Gustatzen zait jendearen aurpegierak ateratzea, baina nire argazkiak gehienbat paisaiak dira».
Argazki gehienak azken bidaietan ateratakoak dira. «Zerbait esaten duten argazkiak sartu gura izan ditut», zehaztu du. 2006an urtebetez ibili zen Hego Ameriketan barrena. India eta Nepaleko asko ere badaude, birritan egon baita hango mendietan. Era berean, Asian eta Zeelanda Berrian sei hilabete egin zituen.
Zapatuan egun osoan izan ziren lanak ikusgai, eta aurrerago erakusketa hori Natxituan jartzeko asmoa dutela aipatu dute.
Arratsaldean, berriz, umeek hitzordu berezia izan zuten Potx magoagaz, eta, iluntzean, bolo txapelketa jokatu zuten herriko tabernaren azpian duten bolatokian. Tabernan bapo afalduta, kantuan eta dantzan borobildu zuten San Blas eguna, Esteibar eta Obietaren doinuen konpainian.
Tostada txapelketa
Busturian, beste alde batetik, herritarrek hitzordu gozoena izan zuten zapatuan Axpe auzoko Aingerubide kultur etxean. Beste urte batez, ume, gazte eta nagusiak erakarri zituen tostada txapelketak eta horren osteko erromeriak.
11 parte hartzaile aurkeztu ziren lehiaketara. Eurek etxean egindako ahiezko tostadak dastatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek.
Epaimahaia Altamirako txokoko bi ordezkarik osatu zuten, eta euren ustez 11 zenbakia zuten tostadak izan ziren onenak. Amaia Balsategik egin zituen, baina haren senar Jabik jantzi zuen txapela. Madariaga Dorretxean dagoen Madaixaganen bi pertsonentzako bazkaria irabazi zuen txapeldunak.
7. zenbakia sailkatu zen bigarren, eta 2. zenbakia hirugarren. Lehia estua egon zen bien artean. Bigarren sailkatuak 40 euroko bonua jaso zuen San Kristobal auzoko Sarai ileapaindegian gastatzeko, eta hirugarrenak Eguzkilore tabernan gastatzeko 20 euro irabazi zituen. Halaber, gainontzeko parte hartzaileek ardo botila bana jaso zuten.
Tostada txapelketaren ostean, Irrintzi Alai dantza taldekoen eskutik, txokolatea eta erromeria eduki zuten. Kanpoko hotzaren aurrean, askok eskertu zuten txokolate beroa. Hala, kantuan eta dantzan borobildu zuten San Blas eguna.
Zapatuan Busturian legez, Kandelario egunez Bermeoko Demiku auzoan lehiatu zuten tostada txapelketa. Aintzane Ibarguengoitiak irabazi zuen lehenengo saria. Haren atzetik Mila Orbe sailkatu zen bigarren, eta Arantza Otazua izan zen hirugarrena. Epaimahaia Benito Ibarrolazak eta Rosa Mari Garamendik osatu zuten.
Meza aurretik txupina jaurtita eman zioten hasiera Kandelario egunari. Meza nagusiaren ostean, luntxean elkartu ziren, eta horregaz batera egin zuten tostada lehiaketa. Trikitilariak lagun, giro izugarria izan zuten eguerdian. Domekan ere jai giroan jarraitu zuten Demikun. Umeen jolasez gain, luntxa eta trikiti doinuak ere ez ziren falta.
Lea-Artibain ere ospatu da San Blas. Aulestiko San Blas jubilatuen elkarteak antolatuta, herriko nagusiak elkartearen lokalean batu ziren zapatuan. Kopaua egiteaz batera, urteko kontuak ere errepasatu zituzten, umore onean. Eguerdian meza eduki zuten Elizatxun, eta ostean, bazkaria eta briska txapelketa.
Kantari
Santa Ageda bezperan eta aurretik ere, hutsik egin barik, makilak eskuan hartuta atera dira herritarrak kantura. Kalerik kale, auzorik auzo ibili dira ume, gazte zein nagusiak.
Herri gehienetan kantuan domekan atera baziren ere, zapatuan abesteko ohitura mantendu zuten Muruetan, Mutrikun eta Berriatuan. Mende erdi daramate Mutrikun santa eskea egiten, eta nobedade eta guzti atera ziren kalera. Izan ere, aurten, ohiko koplariei herriko bi neska ere gehitu zitzaizkien, eta guztira, bost koplari aritu ziren santa eskean. Zubiaga plazan batu eta Goiko Plazara abiatu ziren urtero egin bezala, herriko agintariari kantatzeko. Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea udaletxeko aterpean zeukaten zain, eta ohiturak agindu bezala, limosna eskatu zioten. Lizardik ez zuen ohitura hautsi, eta eguneko lehenengo sosak sartu zizkien zakuan, auzoz auzo abestera joan aurretik.
Goizean Milloi auzoan ibili eta gero, bazkaldu eta arratsaldean ere santa eskean ibili ziren berriatuarrak, herrigunean. Goizean nahikoa eguraldi ona eduki zuten; arratsaldean, ostera, ia ez zuten aterrunerik eduki. Dena dela, umore onez, koplak han eta hemen kantatzen aritu ziren herritarrak.
Domekan hartu zuten kanturako txanda beste herri guztietan. Euriak emandako atsedena aprobetxatuta, herriguneko eta auzoetako etxeen eta baserrien atariak alaitu zituzten ikastetxe, abesbatza, elkarte eta herritarrek.