Lekeitio FTk lortu du bakarrik garaipena asteburuko partiduetan
Lekeitio Futbol Taldea izan da asteburuan hiru puntuak eskuratu dituen eskualdeko nagusien talde bakarra.Mikel Badiolaren mutilak igoera postuetatik puntu bakar batera kokatu dira zapatuan Galeari irabazita; Endika Izak sartu zituen golak. Laugarrenak ...
Mikel Badiolaren mutilak igoera postuetatik puntu bakar batera kokatu dira zapatuan Galeari irabazita; Endika Izak sartu zituen golak. Laugarrenak dira orain sailkapen taulan, Abanto bosgarrenagaz eta Indautxu seigarrenagaz 34 puntura berdinduta.
Artibai Futbol Taldeak jipoia jaso zuen Mungiara egindako bisitan. 6-2 galdu zuten, eta Eñaut Gorosabelek eta Cheikh Colyk sartutako golek ez zuten markagailua apaintzeko baino balio izan. 12. sailkatuak dira orain, jaitsiera postuetatik 5 puntura.
Aurrera puntu bakarragaz itzuli zen Etxebarritik. Sailkapeneko azken taldearen aurka zerbait gehiago merezi izan bazuten ere, ezin izan zuten garaipenik eskuratu. Bigarren zatian etxekoak aurreratu ziren, eta 77. minutuan Ander Laka kapitainak faltaz zuzenean sartutako gol bati esker berdindu zuten ondarrutarrek. Zazpigarrenak dira orain sailkapenean, 29 puntugaz, eta igoera jokatzeko play-off postua bost puntura dago orain.
Mutriku Futbol Taldeko mutilek gol askoko partidua jokatu zuten Gipuzkoako Ohorezko Mailako talde indartsuenetako baten aurka; 3-3 berdindu zuten Tolosaren kontra. Ion Landak, Aitor Esnalek eta Markel Rodrigezek sartu zituzten golak, markagailuan 1-3 atzetik joan ostean partidua berdintzea lortzeko. Igor Elezgarairen mutilak bederatzigarren sailkatuak dira.
Bertan behera
Berriatuko FTren partidua bertan behera geratu zen. Urretxindorrako jokalari batzuek autoan Ibarra futbol zelaira iristear zeudela, zelaiko aparkalekura sartzekotan zirela, hain zuzen, istripua eduki zuten, eta neurketa bertan behera uztea erabaki zuten. Oraindik ez daukate zehaztuta noiz jokatuko den.
Mutrikuko neskei, berriz, atsedenaldia egokitu zitzaien, kopa txapelketako jardunaldian.