Bermeoko Udalak prest dauka Alde Zaharreko plan berezi berriaren aurrerakina
Alde Zaharreko plan berezia berrikusten ari dira, eta jakitera eman dutenez, lehenengo fasea amaituta dago, hau da, prest daukate aurrerakina.
Aurrerakina eginda, herritarrei azaltzeko asmoa agertu dute. Horregatik, aurkezpena egingo dute; otsailaren 15ean izango da, 19:30ean Gizarte eta Kultura Etxean. Alde teknikoak modu «erraz eta ulergarrian» azaltzen saiatuko direla esan du plan bereziaren berrikuspena egiten dabilen Hiritek enpresako Markel Bollarrek.
Aurrerakinean udalak orain arte Alde Zaharrean eragina duen informazio eta plan guztiak batu dituzte, hurrengo fasean araudia gaurkotzeko erabiliko diren irizpideak finkatzeko. Orain, bi hilabeteko epea irekiko da ekarpenak jaso ahal izateko. Partikularrek, elkarteek, administrazioek…egin ahalko dituzte ekarpenak.
Aurrerakinaren aurkezpena baino lehen, horretan landutakoaren berri eduki gura duten horiek bihartik aurrera edukiko dute horretarako aukera, udalaren webgunean jarriko baitute ikusgai: http://www.bermeo.eus/plan_berezia.html.
Atariz atari. Plan berezia berrikusteaz gain, Berualako zuzendari Santi Muruaren arabera, «ezinbestekoa» da Alde Zaharrean dauden eraikin eta biztanleriari buruzko informazioa edukitzea. Horretarako, azterlan soziourbanistikoa ere egingo dute.
Aipatu azterketa otsailean egiten hastea aurreikusten da eta horretarako talde bat sortuko da. Talde hori Alde Zaharretik murgilduko da; batetik, dauden eraikinak ikuskatuko dituzte, eta, bestetik, Alde Zaharreko biztanleriaren ezaugarriak ezagutu gura dituzte (adina, jatorria, hezkuntza maila…).
Eraikinen azterketa egiteko atariz atari joango direla esan du Hiritek enpresako Paula Amutxastegik: «Azken urteetan egindako lanak ezagutu gura ditugu, bai eta horiek dituzten arazoak eta ezaugarriak ezagutu ere. Kanpotik guk geuk egin ahal dugu ikuskaritza, baina eraikinen barrukoaren berri edukitzeko, bizilagunen laguntza beharko dugu». Bisitak egitera bertaratuko diren horiek, udalaren akreditazioa eramango dute, eta herritarrak, gainera, aldez aurretik abisatuta egongo direla diote.
Bestalde, biztanleriaren ezaugarriak jasotzeko, inkesta telefonikoak egingo dituzte, eta anonimoak izango direla esan dute. Datuak, gainera, orokorrean tratatuak izango direla zehaztu du Amutxastegik
1991. urtekoa. Muruak azaldu duenez, Bermeoko Alde Zaharreko plan berezia 1991. urtekoa da, eta 2001. urtean berrikusi zen. Ordutik, baina, legedian hainbat aldaketa egon dira, eta, gainera, Bermeok Plan Orokorra onartu zuen. Hala, «garrantzitsua» da, Muruaren ustez, plan berezia legedi eta araudi berrietara egokitzea.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen esanetan, hainbat dira lan honen helburuak: egungo legediari eta hainbat araudiri egokitzea, gune horretako ondare arkitektoniko eta kulturala babestea, eta, bereziki, Alde Zaharra biziberritzea, bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetuz eta Alde Zaharra herritar guztientzat gune erakargarri bihurtuz.
Plan bereziaren berrikuspena Alde Zaharra biziberritzeko 2014. urtean hasitako plangintzaren barne kokatzen da. Alde Zaharra biziberritzea «lehentasuna» baita udalarentzat, eta horretan, herritarrekin batera, «buru belarri» lanean ari direla dio Bidegurenek. Dioenez, 2015ean herritarrekin osatutako lan talde bat eratu zen, «Alde Zaharra biziberritzeko konpromisoa lantzen ari dena».
Plan bereziaren berrikuspenak 69.575 euroko kostua duela esan du Muruak, eta azterketa soziourbanistikoak 21.000 euro ingurukoa. Lan horiek egiteko, hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza zuzendaritzaren diru-laguntza jasoko dute.