Maria Zorrozak eta Aitor Uriartek Espainiako Txapelketa lehiatuko dute
Gernika Atletismo taldeko kideek atzo Donostian lortu zituzten Espainiako Txapelketaren finalerako txartelak. Zorroza 10 kilometroko probarako sailkatu da, absolutu kategorian, eta Uriarte 3.000 metrokoan, beteranoen kategorian.
Zorrozak Uliako atzoko lasterketan 37 minutu eta 52 segundoko marka lortu zuen (10 kilometroko lasterketa izan zen). Hain zuzen, finalera sailkatzeko beharrezkoa den gutxienekoa baino bi minutu gutxiagotan burutu zuen proba.
Zorrozak Iurretan lehiatuko du apirilean Espainiako Txapelketa, eta bere taldeki Eneko Zabala ere bertan izango da. Zabalak orain dela aste batzuk lortu zuen finalerako gutxieneko marka.
Halaber, Uriartek martxoan lehiatuko du Salamancan (Gaztela eta Leon, Espainia) pista estaliko 3.000 metroko finala. Atzo pista estaliko Euskadiko Txapelketan 9 minutu eta 29 segundoko marka lortu zuen; ezarritako gutxienekoa baino sei segundo gutxiago.
Gernika ATko kideek bi atleten lana nabarmendu dute. “Uriarte denboraldi ona burutzen ari da distantzia labur zein luzeko lasterketetan, lokatzean, errepidean zein pistan”.
Silvia Hermida, finaletik kanpo. Bestalde, Silvia Hermida gutxigatik geratu da pisu jaurtiketako finaletik kanpo. Lau kiloko diskoa 7,30 metrotara bidali zuen Gernika ATko kideak, baina finalera sailkatzeko gutxieneko marka 8 metrokoa zenez, ez zen finalera sailkatu.
Domekan, Euskadiko Kross Txapelketa
Gernika ATko atletak probaz proba ari dira, eta domeka honetan Amurrion (Araba) jokatuko den Euskadiko Kross Txapelketan parte hartuko dute. Kadete, gazte, junior, promesa eta absolutu kategoriak batuta, talde gernikarretik 50 bat atleta joango dira.
Hain zuzen, Amurrioko probagaz amaituko dute kross denboraldia, eta pistako lehiaketa ofizialak izango dira hurrengo pronbak.