Gernika RT 23-20 nagusitu zen Hernani CREren kontra Igorreko
San Txisme zelaian, zapatuan.
2017-2018 denboraldian jokatu dituen
sei derbietatik bost irabazi ditu. Getxoren eta Hernaniren kontrako lauretan garaipena lortu du (lehen eta bigarren itzulian), eta lehen itzuliko azken jardunaldian 19-17 irabazi zion Ordiziari.
Argazkia: Anuar Gomez.
Talde gernikarra indartsu zelairatu arren,
talde gipuzkoarra aurreratu zen markagailuan, zapatuan. 5. minutuan heldu zen arratsaldeko lehen entsegua. Hernanik ondo aprobetxatu zituen erasoko aukerak, eta lehen entsegua lortu, eta gutxira heldu zen bigarrena. Bigarren marka horretan eragina izan zuten basurdeen hutsegiteek. Iker Olaetak ez zuen lortu baloia joko-eremutik ateratzea, eta Mikel Perez Hernaniko jokalariak bereganatu zuen baloia. Hark Mikel Bidegarayri pasatu, eta 0-12ko markagailuagaz jarri ziren aurretik.
Minutuek aurrera egin ahala, basurdeek jokaldietan asmatzea lortu zuten, erasoko jokaldien bidez arriskua sortuz. Eta horrela heldu zen gernikarren lehen marka.
Iker Olaetaren eta Joaquin Palisaren jokaldi batean ailegatu zen entsegua.
Eduardo Maidagan eta Nico Martinezen mutilek hernaniarren defentsa gainditzen lan handia izan zuten. Hala ere,
lehen zatia amaitu aurretik markagailua berdintzea lortu zuten. Hain zuzen, lehen zatiko azken jokaldian zigor-entsegu bati esker lortu zuten berdinketa (12-12).
Bigarren zatia hasi eta berehala Hernanik berdinketa apurtu zuen, kolpe bati esker. Baina, basurdeek berehala erantzun zuten, euren partiduko
hirugarren entseguagaz. Olaetak ezin izan zuen transformatu, baloiak zutoina jo eta desbideratu egin zelako.
17-15ko markagailuagaz, neurketaren azken minutuak tentsioz beterikoak izan ziren. Hernanik partiduaren kontrola izan arren, Gernika RTk markagailuko aldea handitzea lortu zuen. Gaztigu-ostikoak arnasa apur bat hartzeko aukera eman zien, baina Hernaniko jokalariek ez zuten amore eman, eta entsegu bategaz markagailua berdindu zuten.
Basurdeak, beren nortasuna agerian utziz, garaipena eskuratzeko gogor borrokatu ziren. Gaztigu-ostiko bategaz 20na berdintzea lortu zuten, eta hura transformatuta hernaniarrak mendean hartzea lortu zuten.