Asko sufrituta, baina irabazi
Lointek Gernika Bizkaiak 69-70 irabazi zion zapatuan Movistar Estudiantesi.
Denboraldi hasieratik garaipenik lortu barik dago talde madrildarra (Dia Ligaren sailkapenean azken postuan dago), eta ondorioz, garaipen “erreza” aurreikusten bazen ere, asko sufritu zuten Lointekeko jokalariek. Lehen laurdenean abantaila polita lortu zuten, baina azken laurdenerako markagailua iraultzea lortu zuen Estudiantesek, eta talde gernikarrak azken momentuan lortu zuen garaipena.
Hasierako minutuetan egokitze falta igarri zen talde gernikarrean, baina hurrengo minutuetan erakustaldia eman zuen. Pinak eta Donguek ondo aprobetxatu zituzten sortutako aukerak, eta Caldwell-Dongue bikoteak ondo funtzionatu zuen. Pinak bere gorengo maila agerian utzi zuen, eta Alston ere oso bizi ikusi zen kantxan; kontraerasoan fin, eta hirukoetan eraginkor. Lointek ikusgarri aritu zen, eta 16-33ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena.
Bigarren laurdenean ere erasoan zein defentsan asmatu zuten Lointekeko jokalariek. Txandakatzeetan asmatu zuen Mario Lopez entrenatzaileak. Halaber, madrildarrek ere defentsa lana hobetu zuten, eta erasoko jokaldiak errazago moldatu ziren. Hala ere, hamar puntuko aldeagaz heldu ziren atsedenaldira (37-47).
Hirugarren laurdenean aldaketa nabarmena izan zuen neurketak. Lointekek jaurtiketa libreak huts egin zituen, eta errakuntza bat edo beste izan zuen. Pinari ez zitzaion baloirik ailegatzen, eta bitartean, etxeko taldeak defentsa sendotu eta erasoan asmatu zuen. 12-2ko partziala da horren guztiaren adierazle. Markagailua berdintzea lortu zuen Estudiantesek (49-49), eta bi puntuko aldeagaz ekin zioten azken laurdenari: 54-52.
Hala, etxekoek markagailua iraultzean (62-56) partidua aldapan gora jarri zen talde gernikarrarentzat. Norgehiagoka amaitzeko bost minutu falta zirela, 69-61eko markagailuagaz hutsartea eskatu zuen Lopezek. Entrenatzailearen aginduek eragin zuzena izan zuten, eta saskiratze batzuk huts egin arren, erasoan bizi jokatuta, 69-68ko markagailuagaz heldu ziren azken minutura.