Sokarrigaz, sokari tiraka
Abenduan Bizkaiko Txapelketa irabazi, eta orain Euskadiko Goma Gainekoan buru-belarri dabiltza Sokarriko sokatiralariak. Munduko Txapelketa daukate begiz jota.Kasualitatez sokatiran sartu, eta gaur egun txapelketaz txapelketa dabiltza Sokarri taldean d...
Abenduan Bizkaiko Txapelketa irabazi, eta orain Euskadiko Goma Gainekoan buru-belarri dabiltza Sokarriko sokatiralariak. Munduko Txapelketa daukate begiz jota.
Kasualitatez sokatiran sartu, eta gaur egun txapelketaz txapelketa dabiltza Sokarri taldean dauden Busturialdeko bederatzi sokatiralariak. Herriko herri kirol probetan sokari tiraka hasi, eta 2016an Holandan jokatu zen Munduko Txapelketa lehiatzeko aukera izan zuten horietako batzuk. Hurrengo hilabetean Txinan jokatuko dute Munduko Txapelketa, eta gogotsu daude.Gehienak orain dela laupabost urtetik daude Arrigorriagako taldean. Sokatira kirol gogorra dela diote, «asko sakrifikatu» behar dela, baina ilusioz joaten dira frontoira, «txapelaren bila».
Iraitz eta Joseba Arrien, Juan Felix Aranaz, Bingen Erleaga, Gorka Intxausti, Oskar Mendiolea, Arkaitz Ozamiz, Iñigo Urzuriaga eta Joseba Urrutia dira Arrigorriagako taldean dauden Busturialdeko sokatiralariak.
Arratzuar, kortezubitar, gernikar eta mendatarrek Joseba Landa orozkoarragaz entrenatzen dute. Arrigorriaga, Zeberio eta Algortakoak dira taldeko beste hiru sokatiralariak.
Inoizko emaitzarik onenak
Erregulartasuna da taldearen ezaugarri nagusietako bat, eta erregulartasun horrek izan du saria. Sokarri da egungo Bizkaiko txapelduna. Abenduaren 23an Arrigorriagan jokatu zuten 2017ko finala, eta Sokarrikoek hirugarren urtez jarraian jantzi zuten Bizkaiko txapela.
Gainera, Herri Kiroletako zazpi herrialdeen arteko txapelketa irabazi zuten iaz. Herri kirol modalitate bakoitzeko txapeldunek osatzen dute lurralde bakoitzeko taldea. «Bizkaia izan zen txapelduna. Sokatiran bigarren sailkatu ginen, Beti-Gazteren atzetik».
Azken urteotan talde sendoa osatzea lortu dute: «Holandako Munduko Txapelketa lehiatu genuenetik ez gara podiumetik jaitsi. Erregularrenak gara, pisu guztietan gaude lehenengoen artean, baina txapelak lortzea kostatzen zaigu. Iaz kategoria guztietan txapela lortzetik hurbil egon ginen». Urdaibaikoak Sokarrin daudenetik talde moduan ordura arte sekula lortu gabekoak lortu ditu. Sokarri ez da Abadiño edo Gaztedi talde bizkaitarrak bezain beteranoa: «Lehen ez zuen inork aurkari moduan hartzen, eta gaur egun bai. Lehen ez txapelik, ez podiumik… orain beti gaude hor. Gorakada handia izan da». Hain zuzen, Bizkaian Abadiño izan da faboritoa urte askotan, orain baina gehienbat Gaztedi da Sokarriren aurkari zuzena. «Gaztedik ematen digu buruko min gehien». Gaur egun maila gehien Bizkaian dagoela azpimarratu dute.
Talde denak beti txapelaren bila lehiatzen direla diote, «kontrakoa dioena gezurretan dabil». Horretarako gogor entrenatzen dira: «Final bat ere ez da erreza. Bizkaian oraintsu arte Abadiño izan da aurkari zuzena, faboritoa, baina iaztik motelago dabil. Gaztedi etorri da gogor. Iaz Murueta ondo ibili zen, baina aurten jende berria dute eta ikasteko aukera eman behar zaie». Argi dute beteranotasunak «plus bat» ematen duela. Beste kiroletan legez, esperientzia edo eskarmentua izateak balio erantsia duela nabarmendu dute.
Txinara begira
Goma Gaineko Euskadiko Txapelketan buru-belarri ari dira orain. Hala ere, aurtengoa Munduko Txapelketak baldintzatu die; lehentasuna Txina da. «Talde guztiok gura izaten dugu Euskadikoa irabaztea, baina aurtengo helburua Munduko Txapelketa da. Munduko txapelketa prestatzeko, Euskadikoaz baliatzen ari da entrenatzailea. Horrek mugatu edo baldintzatu egiten gaitu, eta txapelak lortzea gaitzagoa da». Euskal Herriko taldeen arteko lehiari dagokionez, kategoriaren arabera faborito batzuk edo beste batzuk daudela diote: «Gaztedi, Ibarra, Beti- Gazte eta Ñapurrak, pisuaren arabera».
Hurrengo hiru asteetan, astebururo final bat dutekategoria ezberdinetakoak, eta Txinara bidaiatu aurreko azkena 560 kilokoa izango da. «Hori da gehien lehiatu ahal izango duguna; 600 eta 560 kilokoetan ditugu aukera gehien». 600 kilokoan gerra asko emateko moduan daudela uste dute.
Munduko Txapelketa klubeka eta nazioka lehiatzen dute; bi egun bakoitzak. Euskal Herriko selekzioak orain dela bi urte historia egin zuen, eta horren parte izatea ohorea dela diote. Izan ere, 2016an balentria ederra egin zuten Euskal Herritik joandakoek. Guztira 13 medailagaz bueltatu ziren8 kluben artekoan eta 5 nazioen artekoan. Orduan Volendamen (Herbehereak) bizitakoa ez dute sekula ahaztuko.
Lehen aldia izan zen eurentzat, eta badakite ordukoa berdintzea edo hobetzea oso gaitza dela: «Oso sakrifikatua baina emaitzak ikusita, oso esperientzia ona izan zen. Genituen helburuak lortu edo gainditu genituen; inork ez zuen espero hainbeste medailagaz buelatzea. Hobetzea pentsatu behar da, eta horretara goaz. Ahalegina egingo dugu».
Martxoaren 7tik 11ra Txinan, «sokatiraren mekan» jokatuko da Munduko Txapelketa: «Txinatarrak oso onak dira. AEBtan saskibaloiagaz moduan, sokatiran dabiltzanek bekak eta antzeko laguntzak dituzte. Orain euren etxera goaz; ea zer gertatzen den». Holandan, Eskozian, Irlandan, Suitzan… maila oso ona dutela azpimarratu dute. «Antzina pentsatzen genuen sokatira hemengo gauza zela, baina kanpotik asko egiten da eta oso onak dira, batez ere txinatarrak. Profesional moduan entrenatu, eta taldean medikua ere badute. Dedikazio itzela».
Une gogorrak bai, baina momentu on asko ere eman dizkie sokatirak. Esperientzia ahaztezinak, momentu bereziak, garaipen garrantzitsuak… Entrenamendu gogorrek, dieta zorrotz betetzeak, eta egindako lan gogor guztiak balio izan duena ikusi dute: «Bereziena da ikustea urte osoan sakrifikatzeak zeozertarako balio izan duela».