Luis itsasargizainaren Bermeo
60ko hamarkadan Matxitxakoko itsasargian zaindari egon zen Luis Martin Peregrinaren argazki zaharrak berreskuratu, eta erakusketa batean jarri dituzte.Orain dela 50 urteko Bermeo ezagutzeko aukerarik eduki ez zuenak eta ezagutu gurako lukeenak aukera d...
60ko hamarkadan Matxitxakoko itsasargian zaindari egon zen Luis Martin Peregrinaren argazki zaharrak berreskuratu, eta erakusketa batean jarri dituzte.
Orain dela 50 urteko Bermeo ezagutzeko aukerarik eduki ez zuenak eta ezagutu gurako lukeenak aukera dauka orain Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Hori bai, 60ko hamarkadan Matxitxako itsasargian itsasargizain egon zen Luis Martin Peregrinaren begietatik ikusitako Bermeo da argazki erakusketan ikusgai jarri dutena. Garai hartako Bermeoko paisaiak, jendea eta giroa ikus daiteke argazkietan; sasoi hartako aspektu interesgarriak.Madrilen jaio zen Luis Martin Peregrina, 1930. urtean. Itsasargizain izateko ikasketak egin ostean, Peñas (Asturias) eta La Naoko (Alacant) itsasargietan egin zituen praktikak, eta lehen lana Huelvako (Andaluzia) barrako itsasargian eduki ostean, 1960. urtean iritsi zen Bermeoko Matxitxakoko itsasargira.
Zaletasuna
Itsasargizainek, gehienetan, leku isolatuetan lan egiten zuten, eta komunikazioak txarrak ziren gune horietan. Diotenez, zaletasunez betetzen zuten euren denbora librea, eta horiekin, gainera, aparteko diru sarreraren bat edo beste lortzen zuten, Luis Martin Peregrinak moduan.
Argazkilaritza zuen gustuko itsasargizainak, eta Matxitxakotik Bermeora jaisten zen bere kamaragaz herriko agertoki, paisai, zokondo eta pertsonaia irudikatzera. Jesus Urkidi, Iñaki Markaida eta Anton Erkoreka bermeotarrek berreskuratu dituzte argazki zahar horiek, eta diotenez, herritarrak eguneroko jardueretan ateratzea zuen gustuko, batez ere, jaietan: «Erlijiotasunak eta bizipozak bat egiten zuten itsasgizonen pentsamoldean. Horientzat, lehorrean egoteak jaia adierazten zuen, arrantza kostera gogorren ostean».
Azaldu dutenez, «Luisek Etxebarria Tar Kresentzi kaleko Felipe Fernandezen erloju denda erabiltzen zuen bere argazkiak erakusteko», eta jendeak erosi egiten zituen. Hala eta guztiz ere, Arrantzaleen Museoko erakusketan hark ateratako argazkien lagin txiki bat baino ez dago ikusgai, 1961 eta 1967 urte bitartekoak, hain zuzen.
Orain menderdi Luis-en begietan erakusketa apirilaren 8ra arte bisitatu ahalko da Bermeoko Arrantzaleen Museoko hirugarren solairuan.