Lointekek Madrilen jokatuko du bihar 18. jardunaldiko partida
Lointek Gernika Bizkaiak Movistar Estudiantesen kontra jokatuko du bihar. 18:45ean hasiko da lehia, 1018-Antonio Magariños pabiloian.Partidu «erraza» aurreikusten da talde gernikarraren jokalarientzat. Izan ere, Emakumezkoen Ligaren sailkapenean az...
Partidu «erraza» aurreikusten da talde gernikarraren jokalarientzat. Izan ere, Emakumezkoen Ligaren sailkapenean azken postuan dago Madrilgo taldea. Denboraldia hasi zutenetik ez du garaipenik lortu.
Gainera, lehen itzulian Malosten jokatu zuten partiduan Lointekek nagusitasun osoz mendean hartu zuen Estudiantes. Urriaren 21ean 101-51 irabazi zion etxeko taldeak. Hain zuzen, denboraldi honetan talde gernikarrak aurkariari alde handiena atera dion neurketa izan zen hura.
Dia Ligaren azken txanpan sartu dira taldeak; denboraldia amaitzeko gutxi falta zaie. 18. jardunaldia egongo da jokoan asteburu honetan, eta martxoko azken asteburuan lehiatuko dute azken jardunaldia.
Azken urteetan legez, Perfumerias Avenida eta Spar Citylift Girona dira oraingo honetan ere liga irabazteko faborito nagusiak. 33 puntugaz lidertzari eusten dio Avenidak, eta 31 puntu ditu Gironako taldeak.