Etsigarria
Aste batzuk baino ez, Davosen, Suitzan elkartu direla politika eta ekonomia mailako munduko agintari boteretsuenak, munduko elitea. Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak datu beldurgarriak eman ditu, lotsagarriak, eskandalagarriak, eta ez dakit zenbat «ga...
Ezberdintasunaren arrakala gero eta handiagoa den honetan, zein ispilutara begiratzen dugu? Komunikabide ezberdinetan behin eta berriz, nazkatzeraino gogorarazten digute di-da batean milioduna izan zaitezkeela joko inozo batean parte hartuta. Eta nola ez duzu bada, kapritxorik beteko, telefono dei xume bat eginda dirua ematen badizute. Telebistetan agertzen diren edozein umemokori galdetuta ia denek nahi dute futbolaria edo ospetsua edo aberatsa… izan. Hauek dira saltzen diren balioak, eta hauek azkura sortzen dizutela esaten baduzu, «akabo pakea pobrearen etxean».
Zein baliokin ateratzen gara egunero etxetik? Gure jarrerek ere atzera egin dutelakoan daude hainbat aditu. Baliorik gabeko gizartera goaz? «Askatasunaren izenean etxean irakatsi behar dena, gizarte, eskola eta instituzioen bizkar jartzen da askotan». «Zenbait gurasok eskolan eta aiton-amonetan delegatzen dute euren haurren heziketa, ez dute denborarik, ez dute gogorik…», «Irakasleei beldurra izatetik, ikasleen gurasoei beldurra izatera pasa dira irakasleak, zerbaitek kale egin digu».
Ez dabil haize gozorik gazte eta nerabeen inguruan. Azkenaldiko gertaera larriek argi gorria piztu dute denongan. Nola egin aurre tamaina honetako arazoari: «gizartetik apartatu, bakartu…», eta euren lekura itzultzen direnean? «polizia eta zaintza gehiago…», poliziez gainezka gabiltza-eta gure herri honetan!
«Kezka handia da sistemak hutsuneak dituelako». Gure gizarte honetan eskubideak oso-oso aurrean jartzen ditugu, betebeharrak berriz, non?
Gazteak inguru oso babestuan hazi direla entzuten dugu behin eta berriro. Eta ez al du honek konponbiderik? Egia absoluturik ez dagoen bezala, gureganako, pertsona bakoitzarekiko errespetu osoa izatea printzipiotzat hartuko bagenuke, zer?
Eta zapore goxoz bukatzeko, Zorionak bihar aterako garen santeskale guztioi. Berrogeita hamar urte kantuan eta eskean ez da ez, «ahuntzaren gauerdiko eztula». Eta falta direnak gogoan.