%99,99a
Gizakiok genetikoki % 99,99 batean berdin-berdinak garela irakurri berri dut. Hau da, gorputzean zehar diren hogeita hamabost bilioi zeluletan gorderik dagoen datu bilduma parekoa dela. Gurasoengandik jaso eta ondorengoei igortzen diegun eskuliburu hor...
Baina, gauzak horrela, nola uler daiteke zu, ni eta azken aldiko hilketak burutu dituzten adingabeko horien arteko parekotasuna hain handia izatea? Nola liteke informazio beretsua jasota, bizitzan portaera guztiz ezberdinak azaltzea? Zelulen dantzak sortutako melodia ezberdinetan dago gakoa. Izan ere, pareko genetika izateak antzerako gorputz makinak ekoiztera bageneramatza, makina horiek osatzen dituzten zelulek ingurumena eta gizartearekin talka egiterakoan eraturiko partiturek ez dute zerikusirik. Beraz, gurean gertatzen denak portzentaia batean nor garen definitzen du.
Orduan, okerreko bidea hartu dutenek zuzentzeko ba al dago aukerarik? Ingeniaritza genetikoa bitartez gure jarrera konfiguratzeko ahalmena lortu bitartean, mota honetako gaizkileak umetatik identifikatu eta gizarte hobeago batean hezi ahal izateko baliabideak indartu beharko dira. Horretarako, diru sarrerak bermatzeko errenta eskariekin egiten dena edo haur eta nerabeen egoitzetan garatutako lanari behin da berriz erreparatzeaz gain, betidaniko giza balioak indarrean jartzen dituen sistema martxan jarri beharko delarik.
Baina nola? Ba lehen bai lehen legedia aldatu eta tankera honetako, zein beste era bateko delituak egiten dituzten pertsonen zigor ezarekin bukatuz. Segidan, gizarte honen eredu izan beharko liratekeen Borboi, gobernari, politikari, bankari iruzurtien epaiketa amaiezinekin bukatu eta bihar bertan epe luze baterako espetxeratuz. Hurrenez, hezkuntzan jo eta ke gure umeen heziketan dabiltzan irakasleen autoritatea berreskuratu eta hauen papera duinduz. Behingoz, gure pentsaeran influentzia neurrigabea duten, lerdokeria, txutxumutxuak, kontsumismoa eta mota honetako balioak zabaltzen dituzten telebista programak debekatuz. Eta hau gutxi balitz, %99,99a partekatzen dugun gizaki garenok, gure haserre eta eskariak jendetsuak behar liratekeen manifestazioen bidez kaleratuz.