Ohiturez betetako egunak
Kandelario Eguna da bihar, zapatuan sanblasek hartuko dute lekukoa, eta domekan, berriz, santa eskean aterako dira herri eta auzo asko eta askotanOtsailarekin batera, ohiturez betetako egunak datoz Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdera.Bihar, Kandelar...
Kandelario Eguna da bihar, zapatuan sanblasek hartuko dute lekukoa, eta domekan, berriz, santa eskean aterako dira herri eta auzo asko eta askotan
Otsailarekin batera, ohiturez betetako egunak datoz Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdera.Bihar, Kandelario Eguna da, Bermeoko Demiku auzoko jaiak. Bihar ez ezik, domekan ere jai eguna izango dute. Gernika-Lumon, berriz, hutsik egin barik, kandelak eskuetan, kandelario abestera aterako dira.
Zapatuan, berriz, Blas Deunaren eguna ospatuko dute Busturiko Axpe eta Eako Bedarona auzoetan. Aulestin jubilatu eta pentsiodunek, bestalde, urteroko jaia ospatuko dute, eta Gizaburuagatik, berriz, Abadiñora joateko irteera antolatu dute, hango azokara.
50 urte
Makilarekin edo makila gabe, baina kantuan ateratzeko prest ere badira Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko bizilagunak. Ohikoena Santa Ageda bezperan aurten domekaz dator santa eskean ateratzea bada ere, aurreko zein ondorengo egunetan koplak abestera aterako direnak ere badira.
Mutrikun, esaterako, Mutrikuko Bertso Eskolak ekitaldi berezia antolatu du zapaturako. 50 urte betetzen dira lehenengo aldiz santa eskean baserrietatik kalera jaitsi zirela. Urteurrena ospatu eta mende erdian santa eskearen bilakaeran emakumeek izan duten garrantzia azpimarratzeko, urte hauetan guztietan parte hartu duten emakumeak omendu nahi ditu Mutri- kuko Bertso Eskolak.
Hala, egunaren amaieran, San Juan jatetxean afari-omenaldia egingo dutela jakitera eman dute. Urte hauetan guztietan parte hartu duten emakume guztiak edo gehienak elkartu nahi dituzte.
Txitxiburduntzi
Aratusteak ere ate joka datoz, eta ohitura den modura, aurreko asteburuan txitxiburduntzia egiteko batuko dira zenbait herritan. Busturian, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon eta Muruetan bilduko dira herritarrak datorren domekan, eta Foruan, berriz, otsailaren 11rako jarri dute hitzordua.