Erroxapek emakumeen bizi kalitatea hobetzeko jardunaldiak antolatu ditu
Otsaila eta martxoa bitartean, lau hitzaldi eskainiko dituzte Emakumea eta Osasuna jardunaldien baitan. Hitzaldiak Erroxaperen egoitzan izango dira, 18:30ean hasitaBermeoko Erroxape emakumeen elkarteak Emakumea eta Osasuna izeneko jardunaldiak antolatu...
Otsaila eta martxoa bitartean, lau hitzaldi eskainiko dituzte Emakumea eta Osasuna jardunaldien baitan. Hitzaldiak Erroxaperen egoitzan izango dira, 18:30ean hasita
Bermeoko Erroxape emakumeen elkarteak Emakumea eta Osasuna izeneko jardunaldiak antolatu ditu, emakumeen bizi kalitatea hobetzeko asmoz. Iazko jardunaldiek eduki zuten erantzuna eta arrakasta ikusita, aurten ere antolatzea erabaki dute.Jardunaldien barruan, lau hitzaldi eskainiko dituzte otsaila eta martxoa bitartean. Hitzaldi horiek guztiak 18:30ean hasiko dira, Erroxape elkarteak Erreten parkean daukan egoitzan, eta doan parte hartu ahal izango da guztietan.
Jardunaldiak «oso interesgarriak» izango direla azaldu dute antolatzaileek, eta hizlariak adituak direla nabarmendu dute.
Adin guztietako emakumeei zuzendutako jardunaldiak direla diote, eta, hortaz, gazteak zein helduak animatu gura dituzte parte hartzera.
Lehenengo hitzaldia otsailaren 15ean, eguenean, izango da. Horretan, bertaratutakoek maitasun erromantikoa izango dute hizpide. Gaur egungo maitasun erromantikoak sentimenduekin, emozioekin eta benetan sortu behar duen ongizateagaz zerikusirik ez daukala azaltzera bertaratuko da Amaia Agirre Mi- gelez soziologoa. Feminismoa, maitasun erromantikoa eta generoa dira Agirreren ikerketaren lerro nagusiak.
Otsailaren 22an, berriz, zoru pelbikoaz gozatzeko gakoak eskainiko ditu Agurtzane Ormatza Imaz sexologoak.
Martxoaren 1ean, Inma Merino Castro terapeuta eta sexologoaren eta Itziar Gandia Quintanilla psikoloaren txanda izango da. Ondo eta polito zahartzeko aukerez ariko dira.
Azken hitzaldia martxoaren 7an izango da, kasu horretan eguaztenean. «Konplexu barik zahartzea» agenda feministan zelan jarri daitekeen azaltzera etorriko da Mari Luz Esteban Galarza. Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea eta ikertzailea da Esteban. Dioenez, zahartzeari buruzko gogoeta egingo dute, «prozesu horretan egon daitezkeen aldaketetan eta alternatibetan erreparatuz».
Narrazio lehiaketarik ez
Bestalde, Erroxape elkarteak narrazio laburren lehiaketa antolatu izan du urtero martxoaren 8ra begira. Euskarazko zein gaztelaniazko kontakizunak saritzen zituzten. Aurten, hala ere, ez dutela lehiaketarik antolatuko azaldu dute.
Diotenez, azken urteetan gutxitu egin dira lehiaketara aurkeztutako lanak , eta horien kalitatea ere jaitsi egin dela uste dute. Horregatik, aurrerantzean, narrazio laburren lehiaketa bi urterik behin antolatzea erabaki dute.