Ekintzaileek diru laguntzak eskatu ahalko dituzte
Bermeoaldeko Behargintzak (Bermeo, Mundaka eta Sukarrieta) ekintzaileentzako laguntzak bideratuko ditu. Alde batetik, ideia bat aztertu eta garatu gura duten ekintzaileentzako laguntzak egongo dira; eta beste alde batetik, enpresa bat martxan jarri gur...
Parte hartu gura duten horiek otsailaren 12ra arte daukate izena emateko aukera, eta Behargintzako bulegoetara jo beharko dute horretarako (Zubiaur tar Kepa 26-28, 1; 96-617 91 90; autoenplegua@bermeo.eus).
Otsailaren 15ean hasi
Izena ematen duten ekintzaileen artean, aukeraketa prozesu bat egingo dute. Ondoren, aukeratutakoek hiru hilabeteko aholkularitza prozesu batean parte hartuko dute. Tutoretzak otsailaren 15ean hasiko direla azaldu dute.
Izena emateko zenbait baldintza bete beharko dituzte. Ekintzaileek Euskal Herrian erroldatuta egon eta bertan bizi beharko dute. Horrez gain, langabetuak izan beharko dira, eta Lanbideren enplegu eskatzaile modura izena emanda egon beharko dute. Halaber, enpresa ideia bat garatu gura duten ekintzaileen kasuan, ezin izango dira Ekonomia Jardueren Zergan edo Lanbide Autonomoen Erregimen Berezian alta emanda egon, eta enpresa berri bat martxan jarri nahi dutenek, aldiz, enpresa berriaren helbide soziala eta fiskala Bizkai, Araba eta Gipuzkoan jarri beharko dute.
Bermeoko Udalak emango ditu diru laguntzak, eta 1.000 eta 1.950 euro bitartekoak izango direla zehaztu dute. Enpresa ideia bat garatu gura duten ekintzaileek zenbateko osoa jasoko dute laguntza onetsi ostean. Enpresa bat martxan jarri gura dutenek, berriz, hasiera batean laguntzaren erdia jasoko dute, eta gainerakoa Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan alta eman ondoren jasoko dute, beti ere, alta hori aholkularitza prozesua amaitu, eta gehienez hiru hilabetera ematen bada.