Jasotako esker onari eskerrak
Hainbat lagunek ongietorria eman zioten zapatuan Txomin Arana pilotu ereñarrari, herrian bertan egindako harreran. Laugarren Dakar probara joatea posible egin dutenentzat esker oneko berbak eduki ditu.Dakar proba ezin izan du amaitu Txomin Arana pilot...
Hainbat lagunek ongietorria eman zioten zapatuan Txomin Arana pilotu ereñarrari, herrian bertan egindako harreran. Laugarren Dakar probara joatea posible egin dutenentzat esker oneko berbak eduki ditu.
Dakar proba ezin izan du amaitu Txomin Arana pilotu ereñarrak; urtarrilaren 14an erorikoa izan zuen kirolariak, eta lasterketa utzi behar izan zuen. Hala ere, egindako lana eskertu zioten herritarrek zapatuan, Ereñoko udaletxean egin zioten harrera ekitaldian. Joseba Zarragoikoetxea alkateagaz batera, bertan egon ziren Gernika Off Road taldeko Roman Mestraitua eta baita ere Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Lorea Bilbao.Egindako ahalegina eskertu eta Aranaren baliorik handiena isilean lan egin izana dela azpimarratu zuen Bilbaok, bere zaletasuna, gogoa eta profesionaltasuna nabarmentzeagaz batera. Aldundiko ordezkariaren esanetan, badaude oihartzun gutxiago, baina jarraitzaile asko dituzten kirolak, eta «merezi baino babes gutxiago» izaten dute.
Aranaren kasuan, ereñarrak bere esku egon den guztia egin duela esan zuen diputatuak, eta aurrerantzean ere instituzioen laguntza izaten jarraituko duela gaineratu zuen: «Ona delako, ez bakarrik Ereñorentzat; baita Bizkaia eta Euskal Herriarentzat ere. Garrantzitsua da primerako pertsonak eta primerako kirolariak hurrengo belaunaldientzako erreferente izatea».
Laguntzaileei eskerrak
Ereñoko alkate Zarragoikoetxeak ere eskerrak eman dizkio Aranari, eta Dakarrean irteera hartzea bakarrik garaipen bat dela esan zuen.
Gernika Off Road taldeko kide Roman Mestraituak ere berba hartu zuen zapatuko ekitaldian, eta Txomin Arana aurten ere Dakar proban izatea laguntzaileei esker izan dela aipatu zuen. Ildo beretik mintzatu zen Arana bera ere. Pilotuak ere esker ona izan zuen bertan bildu ziren denentzat eta urtez urte ondoan dituen guztientzat.