Herri lasterketak 760 korrikalari batu ditu Bermeoko kaleetatik
Taraska Gazte Zahar Atletismo taldeak eta Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak antolatuta, Bermeoko herri lasterketa lehiatu zen domeka goizean. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten 760 lagun aritu dira Bermeoko kaleetatik korrika egiten.«Pozik...
«Pozik» agertu dira lasterketak emandakoagaz, horrela, lasterketaren balorazio «oso positiboa» egin dute.
Emakumeen parte hartzea nabarmendu gura izan dute: 331 neska eta 429 mutil aritu ziren korrika egiten. Bestalde, 564 ume eta gaztek eta 196 nagusik parte hartu zuten. Iazko lasterketagaz alderatuta, 30 nagusi gutxiago, baina 20 ume eta gazte gehiago egon dira.
Parte hartzaile gehienak bermeotarrak izan badira ere, inguruko herrietako parte hartzailerik ere ez da falta izan: Mundaka, Busturia, Gernika-Lumo, Lekeitio…
956 euro solidario
Eguraldi onak lagunduta, gainera, herrian «giro paregabea» egon zen, eta korrikalariek kirolagaz gozatzeko aukera «ederra» eduki zuten.
Herri lasterketa solidarioa izaten da. Aurten, 956 euro batu dituzte, eta kopuru hori Kate Sarea elkarteak bultzatutako Eutsi Gogor, Danok Batera ekimenak jasoko du, gaixotasun arraroak dauzkaten umeei eta familiei lagundu asmoz.
Lasterketaren helburua ez da lehiatzea, baizik eta herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea eta kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea.