Bermeoko Udalak tirolina eta korrika egiteko zirkuitu bat jarriko ditu Burujabetasun zelaian
Bermeoko Udalak aisialdirako espazio aktibo bihurtu gura du Burujabetasun zelaia. Modu horretan, epe laburrean, tirolina eta korrika egiteko zirkuitu bat jarriko ditu.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen esanetan, Busturialdeko tirolinarik luzeena izango da Bermeokoa, 50 metrokoa. Herriko umeen eskaera izan dela azaldu du: «Gaztetxoekin izandako hainbat topaketetan herrian tirolina bat izatea gustatuko litzaiekeela jakinarazi didate, baita umeekin egindako parte hartze prozesuan ere».
500 metroko zirkuitua. Korrika egiteko zirkuituak, berriz, 500 metroko luzera eta 1,5 metroko zabalera izango du; Burujabetasun zelai guztia inguratuko du. Diotenez, asko izan dira urteetan korrika egiteko zirkuitu bat eskatu duten herritarrak. Aurrekontu parte hartzaileen prozesuan agertutako eskaera ere izan zen, eta hirugarren proiektu bozkatuena izan zen.
Bermeoko Kirol Patronatuko zuzendari Itxaro Zabalaren arabera, kirolariek «lasaitasunez» korrika egin ahalko dute, belarretan korrika egitea «ona» bada ere, «arriskutsua» ere izan daitekeelako, «zuloak ez baitira ikusten».
Proiektua egin ahal izateko, Enagas enpresaren diru laguntza jasoko du udalak. 35.000 euroko proiektua izango dela esan du alkateak, eta 30.000 euroko laguntza emango du Enagasek. Hala, eskerrak eman dizkio, «Bermeon bizitza osasuntsua sustatzen laguntzeagatik».
Ahalik-eta arinen hasi gura dituzte lanak, baina lurra siku egotea beharrezkoa dela azaldu dute; gutxienez, astebete euria egin barik egon beharko du. Bi astean amaituta egotea aurreikusi dute.
Burujabetasun zelaia, hortaz, «aisialdirako gune natural atsegin eta erakargarria» izango dela esan du alkateak. Gainera, tirolina zein zirkuitua elementu «oso positiboak» direla uste du, «bizitza aktiboa» ahalbideratzen dutelako, eta horrek, aldi berean, bizitza osasuntsua sustatzen laguntzen duelako.
Era berean, belaunaldi ezberdinetako herritarrak batuko dituen gunea izango denez, baloreak lantzeko gune aproposa izango dela uste du Bidegurenek: euskararen transmisioa, berdintasuna, errespetua… Bisitarientzat ere gune erakargarria izan daitekeela dio.