60 urtetik gorako ispastertarren iritzi eta ekarpenak jasoko dituzte
Hiri Adeitsua ekimenaren barruan, hainbat parte hartze saio egingo dituzte Ispasterren, ahalik eta pertsona nagusi gehienen parte hartzea bilatu asmoz.Zer esana guztiek daukatelako eta denen ikuspuntua beharrezkoa delako, ekarpenak jasotzeko helburuaga...
Zer esana guztiek daukatelako eta denen ikuspuntua beharrezkoa delako, ekarpenak jasotzeko helburuagaz bi saio egingo dituzte 60 urtetik gorako biztanleekin.
2017an onartu zuten Ispaster Euskadi Lagunkoia sareko partaide izatea, eta ordutik lanean dihardute talde eragilea osatzen duten ispastertarrek.
Orain teknikoek diagnostikoa egin ahal izateko, pertsona nagusiek dituzten lehentasunak eta beharrizanak euren ahotik entzungo dituzte. Beraz, zenbat eta parte hartze handiagoa izan, orduan eta diagnostiko osatuagoa burutu ahalko dute.
Otsailean egingo dute lehenengo bilera, eta bigarrena, berriz, martxoan. Saioetan parte hartzeko aldez aurretik izena emateko eskatu dute. Horretarako, udaletxera deitu behar da otsailaren 9a (barikua) baino lehen: 94-654 29 99.
Otsailaren 15ean (eguena) eta martxoaren 1ean (eguaztena) Iñigo Egiluz aretoan elkartuko dira, 17:30etik aurrera.
Saioetan ondorengo zortzi puntuak aztertu dituzte: etxebizitza, eraikin eta aire zabaleko guneak, garraioa, begirunea eta gizarteratzea, gizartean parte hartzea, komunikazioa eta informazioa, lana eta herritarren parte hartzea eta gizarte zerbitzuak eta osasunekoak.
Munduko Osasun Erakundeak egin zuen zahartze aktiboari buruzko proiektua, eta Herri Lagunkoia izateko beharrizan batzuk azpimarratu zituen. Dublingo adierazpenean adinekoen ikuspegiak eta iritziak balio- etsiak izatea eta horien erantzuna bermatzea zehaztu zituzten, bai eta herritarrei begira bideratutako partaidetza prozesuak eta egiturak ziurtatzea ere.