San Bizente jaiek giro ezin hobea ekarri dute Aulestiko Narea auzora
Munitibarko Motrollok irabazi du jaietako manta: 'Lucy'-k 78 untze, 6 metro eta 62 zentimetro egin ditu. Briska Txapelketaren irabazleak Jabier, Mari Tere eta Feli izan diraZapatuan eguraldi freskoa egon bazen ere, aterri eutsi zuen, eta aukera hori ap...
Munitibarko Motrollok irabazi du jaietako manta: ‘Lucy’-k 78 untze, 6 metro eta 62 zentimetro egin ditu. Briska Txapelketaren irabazleak Jabier, Mari Tere eta Feli izan dira
Zapatuan eguraldi freskoa egon bazen ere, aterri eutsi zuen, eta aukera hori aprobetxatu zuten askok Narea auzoko San Bizente jaiekin gozatzeko.Bide bazterrak autoz bete ziren, eta urtero modura, San Bizente ermitan egin zen mezaren ostean, umeen jolasak egon ziren. Umeek beti-betiko jolasetan jarduteko aukera eduki zuten, txokor batzen eta zapi harrapaketan. Txikiak lehenengo eta handitxoagoak ondoren, gustura ibili ziren jolasean. Amaieran, gainera, oparitxoa egon zen guztientzat.
Jolasak amaitu eta berehala, bi zaldiren arteko dema hasi zen. Aulestiko Ubillotsen Titan zaldia eta Munitibarko Motrolloren Lucy neurtu ziren. Artia harriagaz 20 minutuko saio bana burutu zuten.
Probagaz hasten lehenengoa Aulestiko Ubillotsen zaldia izan zen. Madari eta Joseluren laguntzagaz, 74 untze eta 88 zentimetroko marka ezarri zuen. Ondoren ailegatu zen Munitibarko Motrolloren zaldiaren txanda. Proba erdian 40 untze eginda zituen, eta, horrenbestez, Titan-en aurretik zebilela ikusi zen. 54 untzeak, esate baterako, 13 minutu eta 34 segundoan lortu zituen Lucy-k; Titan-ek ostera, 14 minutuan. 74 untze osatu zituen Motrolloren behorrak minutu baten faltan, eta, beraz, argi gelditu zen manta beretzat izango zela. Azkenean, 78 untze, 6 metro eta 62 zentimetro egin zituen, Urko Pagoaga eta Agarreren laguntzagaz.
Erakusketa
Auzoko baserri, etxe eta bizilagunen argazki erakusketa bat ere egon zen ikusgai. Etxerik etxe ibili zirela auzoko argazkizale bi jakitera eman dute Nareakoek. Hala, Etxebarri, Bengo behetikoa, Arkoide, Uribarren, Goiti barri, Aldekoa, Goiti, Kerizeta, Leizarra goikoa, Arane, Aranbeaskoa, Idoeta, Uriguen, Uriarte, Loperena, Leizarra bekoa eta San Bizente ermita bera ere ikusgai egon ziren taula bitan kokatutako argazkietan. Urtero legez, taberna ere jarri zuten jai batzordekoek Narea Goitiko baserriaren sotoan trikitilariek alaitutako giroan. Bertan jokatu zen baita ere Briska Txapelketa. Hamasei hirukote ibili ziren jokoan, eta sari nagusia Markina-Xemein eta Ziortza-Bolibarko Jabier, Mari Tere eta Felik osatutako hirukoak lortu zuen.
Barikuan, berriz, Mus Txapelketa egon zen, eta hemeretzi bikote aritu ziren jokoan. Berriatuko Susteta eta Altxu izan ziren irabazleak; bigarren saria, ostera, auzoan gelditu zen; Jose Luis Omar eta Jabier Bengoetxea izan ziren azpitxapeldunak.