Euskal gehiengo sindikala Lameran batu zen atzo eguerdian, Atunsa enpresaren aurrean.
Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea lelopean egin zuten elkarretaratzea. Joan den eguenean lan istripuan hildako arrantzalearen heriotza salatu zuten. Bermeoko Atunsa enpresako langilea zen hildakoa, Ghanakoa. Era berean, beste behin ere, arrantza sektoreko langileek bizi duten egoera prekarioa ere salatu zuten.
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek hartu zuten atzokoan hitza, eta hildako langilearen familia, lagun eta arrantzale guztiei «dolumina eta elkartasuna» adierazi gura izan zieten.
Beste behin, prekarietateak «hil» egiten duela salatu, eta «terrorismo patronalagaz behin betiko» amaitu beharra dagoela azpimarratu zuten.
LAB sindikatuko arrantza arduradun Jota Gallastegik Atunsaren jarrera gogor salatu zuen, «lan istripuak ekiditeko benetako neurririk ez hartzeagatik». Atunsan gertatzen den hirugarren heriotza dela gogorarazi, eta «nahikoa» dela esan zuen. «Enpresak benetako konpromiso eta neurriak hartzeko momentua iritsi dela uste dugu, zoritxarreko lan istripuak saihestu aldera».
Beste alde batetik, euskal eta Espainiako gobernuek ardurak bete beharko lituzketela azaldu zuen: «Txalupa guztietan, atunontzi, altura zein baxurako ontzietan, benetako neurriak jarri beharko lituzkete, ezbeharren aurrean arrantzaleek berehalako asistentzia eduki ahal izan dezaten».
Ikerketaren zain. Leire Heredia ELA sindikatuko prebentzio arloko arduradunaren arabera, itsasoan lan egiten duten pertsonek «askoz ere zailagoa daukate legea betetzeko prebentzio aldetik», eta enpresa askok legea sarri urratzen dutela azpimarratu zuen. Oraindik Osalanen ikerketaren zain daudela argituta, hurrengoa adierazi zuen: «Ematen du istripua gertatu ostean, hiru egun mediku asistentziarik barik egon zela hildako arrantzalea».
Osalanek kanpaina bereziak egiten dituela gogorarazi zuen Herediak, baina liburuetako teoria praktikara eraman behar dela nabarmendu zuen: «Praktikara eroateko errekurtsoak behar dira, eta lehentasunezko gai bat izan beharko luke». Era berean, sektorean legea betetzen den ala ez ikusteko jarraipena egin beharko litzatekeela uste du Herediak.