Ligako hamargarren garaipena etxean lortu du Lointekek
Talde gernikarrak 82-62 irabazi dio Embutidos Pajariel Bembibre Leongo taldeari. Dia Ligaren bigarren itzuliko Malosteko lehenengo partidua izan daPartidua kontrolpean izanda, Lointek Gernika Bizkaia 82-62 nagusitu zitzaion Embutidos Pajariel Bembibrer...
Talde gernikarrak 82-62 irabazi dio Embutidos Pajariel Bembibre Leongo taldeari. Dia Ligaren bigarren itzuliko Malosteko lehenengo partidua izan da
Partidua kontrolpean izanda, Lointek Gernika Bizkaia 82-62 nagusitu zitzaion Embutidos Pajariel Bembibreri zapatu arratsaldean.Denboraldiko hamargarren garaipena izan da talde gernikarrarentzat. Orain arteko 17. jardunaldietatik hamarretan lortu du aurkaria gainditzea, eta zazpi partidu galdu ditu.
Bigarren itzulian lau jardunaldi lehiatu dituzte, eta horietatik hiru irabazi ditu (aurreko jardunaldian 90-69 galdu zuen Mann-Filterren kantxan). Hain zuzen, zapatukoa izan zen bigarren itzuli honetako etxeko lehen neurketa. Jokalariak zein zaleak gogotsu zeuden, eta ez zuten hutsik egin. Gainera, herriko Ross dantza eskolako dantzariek girotu zuten Maloste, atsedenaldietan erakustaldia emanda.
Sailkapenean bosgarren
Asteburuko emaitzen ostean, Gernika-Lumoko taldeak Dia Ligaren sailkapenean postu bat igotzea lortu du. Gaur gaurkoz, sailkapeneko bosgarrena da, 27 puntugaz.
Aurretik, bi puntura ditu Star Center-Uni Ferrol eta Mann-Filter. Hala, sailkapeneko lehen bi postuetan liga irabazteko betiko faboritoak daude; 33 puntu ditu Perfumerias Avenida liderrak, eta bi puntu gutxiago ditu Spar Citylift Gironak.
Zapatuko partiduari dagokionez, erreboteak giltzarri izan ziren. Etxekoak bizi kantxaratu ziren, eta lehia hasi eta lau minutu eta erdira 12-4ko markagailuagaz aurretik ziren. Belauneko lesioagatik zortzi hilabetetan jokatu barik egon ostean, 7. minutuan kantxaratu zen Vicky Llorente.
Lehen laurdenean etxekoek markatu zuten erritmoa, eta bost puntuko aldeagaz hasi zuten bigarren laurdena. Bembibrek bere jokoa hobetu zuen, eta markagailuan islatu zen: 22-21. Lointekek berehala erantzun zuen, eta aurkariengan hutsegiteak eragitea lortu zuen. Minutu horietan Anna Gomez nabarmendu zen.
10-0eko partzialak min handia egin zien aurkariei. 32-21ko emaitzagaz Lointekek neurketa bideratuta zeukala zirudien.
Aldeari eusten
Gero, atsedenaldira joan aurreko azken minutuan Naiara Diez Lointekeko kapitainak saskiratu, eta 37-28 amaitu zuten bigarren laurdena.
Atsedenalditik bueltan ere jabetzari eustea lortu zuen etxeko taldeak. Hala ere, zenbait minututan Bembibrek hobeto jokatu zuen, eta ondorioz, markagailuko aldea murriztea lortu zuen. Hirugarren laurdenean Alstonek bere talentuagaz zaleak zutik jarri zituen.
Bost puntuko aldeagaz ailegatu ziren azken txanpara (53-48). Pinaren eta Diezen hirukoekin dozena bateko aldeagaz jarri ziren etxekoak, eta partidu amaiera arte aldea mantentzea lortu zuten.