Beteranoen txapelketako jardunaldi bi jokatu dira Lekeitioko trinketean
Aurreko asteburuan ez bezala eguraldia lagun izateak jende gehiago hurbiltzea ekarri duela aitortu dute udaletik. Gababus zerbitzua ere bete-bete egin dela adierazi duteHezetasunagatik atzeratutako partiduak errekuperatzeko, Beteranoen Eskuz Binakako T...
Aurreko asteburuan ez bezala eguraldia lagun izateak jende gehiago hurbiltzea ekarri duela aitortu dute udaletik. Gababus zerbitzua ere bete-bete egin dela adierazi dute
Hezetasunagatik atzeratutako partiduak errekuperatzeko, Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketaren jardunaldi bi jokatu dira asteburuan, Lekeitioko trinketean. Bi partida egon ziren barikuan eta beste hiru domekan.Pradera mallabiarra eta Gandiaga berriatuarra 30 eta 17 nagusitu ziren Moral eta Martin bikotearen kontra jokatu zen barikuko lehenengo partidan. Nahiz eta hasieran sailtasunak eduki, mallabiarrak eta berriatuarrak errez gainditu zituzten lekeitiarrak. Martinek Lakaren ordezkoa hartu zuela jakitera eman dute antolatzaileek, eta hainbat urte jokatu barik egon izana nabaritu zuela aitatu dute.
Barikuko bigarren partida orekatuagoa izatea espero zuten, baina Astigarragak sasoi ezin hobean dagoela erakutsi zuen beste behin ere. Hala, Astigarragak eta Egañak 30 eta 19 irabazi zieten Beraza eta Etxebarria elgoibartarrei. Euren jokoa egiteko aukerarik ere ez zuten eduki.
Partida politak ikusteko aukera egon zen domekan ere. Gizaburuko Kalzakorta jaun eta jabe izan zen lehenengo partidan Bastidaren laguntzagaz, eta 30 eta 22 irabazi zieten Beraza eta Etxebarriari. Bastidak Arraten tokia hartu zuen, eta naiz eta bi urte Trinketea zapaldu barik egon, ondo moldatu zen. Hala, aurrea hartu zuten hasieratik, eta Beraza eta Etxebarria elgoibartarrak hurreratzen ahalegindu ziren arren, partidua kontrolpean eduki zuten Kazakortak eta Bastidak.
Txapelketako betaranoenek ezustekoa eman zuten eguneko bigarren norgehiagokan. Astigarragak eta Egañak 30 eta 22 irabazi zieten Pradera eta Gandiagari. Aurrelarien artean 24 urteko aldea egon arren, Astigarraga partidaren jaun eta jabe izan zen eta Pradera bere lekutik atera zuen. Gandiaga seguru ibili zen atzean, baina azkenerantz tokiz aldatu arren, ez zen hobekuntzarik nabaritu. Egañak, berriz, ohi bezala, ondo agindu zuen atzean eta pilota asko sarera bideratu zituen.
Jokaldi politak ikusi ziren domekako azken partidan ere. Jaunarenak bere efektuekin, txafla eta fraileaz baliatuz, lurretik eduki zuen Moral, eta Fosterrek partidu nabarmena jokatu zuen. Garaipena, beraz, Jaunarena eta Fosterrentzat izan zen. 30 eta 16 irabazi zieten Moral eta Conderi.