Mendi martxetan zein lasterketan, iaz baino jende gehiago batu ditu Etxera Trail probak Gernika-Lumon. Preso dituzten euskal herritarrak herriratzeko aldarrikapena. 330 inguru izan ziren atzoko mendi lasterketarako izena eman zuten korrikalariak. Gainontzekoek, martxa luzea eta laburra egin zuten. Hala, antolatzaileak pozik daude aurten Etxera Trailek izan duen harrerarekin.
Xabi Lete eta Imanol Goñi izan ziren 16 kilometroko ibilbidearen helmuga zeharkatzen lehenak. Elkarregaz heldu ziren natxituarra eta oñatiarra 1.19.47ko denbora eginez; eta elkarrekin helmugaratu ziren, baita ere, hirugarren eta laugarren sailkatu ziren Iurgi Etxeandia zornotzarra eta Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra (1.21.52). Aitor Uriarte Etxebarria izan zen goizonezkoetan bosgarren sailkatua. Letek azaldu legez, lasterketaren izaera kontuan hartu eta txapela herrian uztea erabaki zuten, Arrano tabernan. Goñik, bestalde, antolatzaileak zoriondu zituen, presoen gaia kirol arlora eramaten asmatzeagatik.
Lasterketen munduan goi-goian ibiltzen diren hainbat korrikalari ere Gernika-Lumon izan ziren atzo, Zigor Iturrieta eubatarra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra, kasurako. Biek ere lasterketa entrenamendu modura hartu zuten, baina gozatzeko modukoa izan zela esan zuten. Era berean, atzoko probaren esanahia eta sinbolismoa ere nabarmendu zuten, euren aletxoa jarriz.
Nesken artean Oihana Azkorbebeitia (Abadiño) izan zen azkarrena atzoko lasterketan, 01.29.20ko denbora eginez. Bigarren eta hirugarren postuak bi gernikarrentzat izan ziren: Oihane Perez (01.43.06) eta Oihane Orue (01.45.12). Irati Apraiz gernikarra ere lehen bost nesken artean helmugaratu zen.
09:15ak aldera eman zioten hasiera martxa luzeari, presoen aldeko bandera erraldoia zabaldu ostean. Mendi lasterketako korrikalariak 10:00etan atera ziren, eta horiek kartzelen barroteen itxura zuen paperezko horma apurtu eta zeharkatu zuten irteeran. Mendi martxa laburrari 10:30ean eman zioten hasiera.
Giro ederrean eta eguraldi onarekin egin zituzten probak parte hartzaileek. Bidean lokatza aurkitu arren, ibilbidean gustura ibili ziren asko eta asko. Irteera bezala, Pasilekuan jarri zuten helmuga, eta sariak zotz egin ostean, 13:00etan egin zuten ekitaldia. Aurten presoen senideei omenaldi xumea egin gura izan diete antolatzaileek, “kartzelak ez duelako aurpegi bakarra, eta hori ondo dakite senideek, motxiladun umeek eta euren eskuetatik helduta batetaik bestera dabiltzan amak, amumak edota izekoak”. Haiei guztiei behar besteko aitortza ez zaiela egiten esan zuten, eta denon konpromisoa eskatu zuten atzo, “beharrezkoa delako”.
Argazki galeria ikusgai, hemen. (Argazkiak: Txebi Arriaga eta Busturialdeko Hitza)
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.