Ardoa eta Arrainaren ibilbidea, GR-38, bi horiek kostaldearen eta barrualdearen artean elkar trukeak egiteko erabili izan da mendeetan. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek gogorarazi duenez, mandazainak Bermeoko portutik abiatzen ziren ibilbide horretatik, arrain freskoa eta gatzetan jarritako arraina eramanez, eta, bueltan, berriz, garia, gatza, ozpina eta ardoa ekartzen zituzten.
Bittor Agirre, Idurre Bideguren eta Sabino Bilbao gaur egindako aurkezpenean
Aipatu ibilbidearen
balio historikoa nabarmentzekoa dela iritzita, Bermeoko Sollube 707 mendizale taldeak balioan jarri gura du, eta
zazpi etapatan Oion eta Bermeo batuko dituzte, guztira,
169,1 kilometro eginez.
Ekimena
Arroyabe kontserba enpresaren laguntzagaz martxan jarri dute. Izan ere, ibilbidean
Rufino Arroiabe Bermeoko Arroyabe kontserba enpresaren fundatzailea izango dute gogoan. Arabarra zen Arroiabe, eta ardoa eta arraina elkartrukatzen hasi zen XIX. mende amaieran. Eginbide horretan arrainaren kontserbaziorako teknikak ikasi zituela jakitera eman du bere hereniloba Bittor Agirrek: «Orduan, gazitzea eta olio-ozpina erabiltzen ziren».
Rufino Arroiabek Bermeon bizitzen geratzea erabaki zuen. Lehenengo ardotegi bat jarri zuen, eta geroago sortu zuen Arroyabe eskabetxera, 1898 urte inguruan, «hegaluzean eta gatzetan jarritako antxoetan oinarrituta», esan du haren herenilobak.
Ibilbide horrek Bermeoko herriaren merkataritzan eta kontserba industrian «berebiziko garrantzia» eduki du, eta ekimen horregaz «kultura-ondare hori ezagutzera eman gura da». Era berean, ekimen osasuntsu horren bidez, Arabako eta Bizkaiko beste herri batzuekin harremana estutu nahi dela azaldu du Agirrek. Horregatik, Arroyaberentzat «garrantzitsua» izan da Sollube 707 mendizale taldeak antolatutako ekimena babestea.
Ongietorri berezia. Ibilbidea Oionen hasiko da
otsailaren 18an, eta zazpi etapa egin ostean iritsiko dira
Bermeora, maiatzaren 20an, Arrain Azokaren baitako domekan. Egun horretarako ongietorri berezia prestatzen dabiltzala esan du Bermeoko alkateak.
2005ean Sollube 707 taldeak aipatu ibilbidea egin zuela esan du taldeko kide Sabino Bilbaok. Hala ere, haren balio historikoa eta turistikoa kontuan hartuta, berriro egitea erabaki dute.
Oionetik abiatu eta Guardiarantz doa ibilbidea, mahasti zabal amaigabeen artean. Toloño Mendiko erliebe zutak gaindituta, bidea Lagran eta Albaitarantz amildu, Okinako haitzartea zeharkatu eta Estibalizen barrena sartzen da Arabako Lautadan. Uribarri Ganboako urtegiaren paretik jarraitzen du, eta ondotik, garai bateko vasco-navarro trenbidearen ibilbidea jarraitzen du. Legutio gurutzatu ondoren, Urrunagako eta Albinako urtegien ondotik aurrera egin, Arabari agur esan, eta Otxandiok Bizkaiko ongietorria emango du.
Urkiolako inguru ikusgarrian gora egin ondoren, ibilbidea Durangoraino jaisten da, eta handik Oizko erliebeetaraino igotzen du. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurrak zeharkatuta, bidea Bermeoraino iristen da, hori baita bidaiaren helmuga.
Zazpi zigilu, diploma bat. Bilbaok jakitera eman duenez, parte hartzaile bakoitzak etapa bakoitzaren mapa bana jasoko du. Txartel bana ere jasoko dute, zazpi etapekin. Etapa amaitzen duenak zigilu bat jasoko du etapa bakoitzean. Hala jakin ahal izango dute nork egiten duen ibilbide osoa. Amaitzen dutenek diploma bana jasoko dute.
Ibilbidearen informazio guztia
http://www.arroyabe.es/rufinoarroyabe webgunean eguneratzen joango dira, etaparik etapa. Otsailaren 18rako ordutegiak zehaztutako dauzkate dagoeneko.
Oionetik 09:30ean abiatuko dira, eta
Bermeotik 07:00etan aterako dira, autobusez.
Sei irteeretarako autobusak Zubiaur Tar Kepa kaleko autobusen geralekutik abiatuko dira. Etapa bat, gehiago edo ibilbide guztia egiteko asmoa daukatenek 676 62 01 95 telefono zenbakira deituta edota info@sollube707.com posta elektronikora mezu bat bidalita eman beharko dute izena.
Parte hartzaile bakoitzak bere bazkaria eroan beharko du, eta aldatzeko arropak eta oinetakoak eroatea gomendatu dute antolatzaileek.
Etapa bakoitzak historia ezagutzeko eta ehunka paisaia eta esperientziaz gozatzeko aukera emango du; izan ere, turismoa, kultura eta kirola uztartzen dituen ibilbidea da ardoarena eta arrainarena. Horregatik guztiagatik, mendizale guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, batez ere, ibilbidea igarotzen den herrietako mendizaleak.
7 etapak:
Otsailak 18.
– Oion-Guardia.
– 20,2 kilometro.
– Upeltegi bat bisitatuko dute egun horretan.
Martxoak 4.
– Guardia-Albaina.
– 22,3 kilometro.
Martxoak 25.
– Albaina-Estibaliz.
– 23,2 kilometro.
Apirilak 15.
– Estibaliz-Legutio.
– 28 kilometro.
Apirilak 29.
– Legutio-Durango.
– 29,1 kilometro.
Maiatzak 19.
– Durango-Mendata.
– 21,5 kilometro.
– Gau horretan mendizaleek Mendatako aterpetxean egingo dute lo.
Maiatzak 20.
– Mendata-Bermeo.
– 24, 8kilometro.
– Arrain Azokan iritsiko dira Bermeora, domekaz.