Simulagailuan lehiatzen
Orain dela lau urte Youtuben ezagutu zuen Simracing mundua Gorka Albizu munitibartarrak. Gaur egun bere pasioa da, eta etxean dauka auto simulagailua. Sarean lehiatzen ditu lasterketak.Duela urte batzuetako bideo joko aretoetan ugariak ziren auto laste...
Orain dela lau urte Youtuben ezagutu zuen Simracing mundua Gorka Albizu munitibartarrak. Gaur egun bere pasioa da, eta etxean dauka auto simulagailua. Sarean lehiatzen ditu lasterketak.
Duela urte batzuetako bideo joko aretoetan ugariak ziren auto lasterketa simulagailuak. Halako bat etxean izatea, baina, ez da normalena. Gorka Albizuk (Munitibar, 2000) makina bat ordu ematen ditu bere etxeko simulagailuan Internet bidezko jokoetan lehiatzen. BTRS taldeko pilotuetako bat da. «Udan sartu nintzen. Taldea baino, lagun talde bat da. Lehiatzen hamalau pertsona gaude. Pertsonalki ez dut inor ezagutzen. Mundu hau hemen askorik ez da ezagutzen, eta hemen inguruan ez dut joko honetan ibiltzen den inor ezagutzen».Orain dela lau urte Youtuben ezagutu zuen simracing mundua. «Youtuben badaude euskaldunak; famatuenak euskaldunak dira. Orain dela lau urtetik nire aurrezki denak hone- tarako dira». Umetatik orain dela gutxira arte esku pilotan aritu da munitibartarra, baina aitortu duenez, orain bere denbora libre guztia auto lasterketa simulagailuan ematen du.
Internet zerbitzua urtero berritu kuota bat daukate, eta munduko edozein txokotako pilotuen kontra lehiatzen dira. Ekipamendu osoa dauka logelan: ordenagailua bat, bolantea, pedalak eta pantaila. Hala ere, oraindik material gehiago badagoela azaldu du. Halaber, material eta modeloen arabera, merkeagoak eta garestiagoak daude.
Hasi zenetik hona, diru asko utzi duela dio. «Material merke edo sinpleenekin hasten zara, eta denboragaz, gero eta hobeak hartzen zoaz».
Euskal enpresak ere sartu dira simracing munduan. Esaterako, Albizuk orain duen aluminiozko egitura Mungiako NWS Northworldsim enpresarengandik jaso du. «Twitterren ezagutu nuen enpresa, ez nekien hemen halakorik zegoenik. Merkatuan 500 euro balio ditu estruktura merkeenak. Dudana onenetarikoa da; material onekin eginda dago. 100 eurokoak ere topatu ditzakezu. Lehen 150 euroko bat eduki nuen, eta, azkenean, bota egin behar izan nuen. Hasi nintzenetik hona, azkenean, diru asko alferrik gastatu dut».
Txapelketak
Bere taldeagaz Espainiako txapelketetan parte hartzen du. «Askotariko jolasak daude. Ezagunena eta maila handiena dagoena iracing joko ingelesa da. Lasterketa batera konektatu eta gauza bera egiten dutenen kontra lehiatzen naiz. Maila oso altua dago. Honetan jarduteko denpora piloa behar duzu, eta maila ematea gaitza da».
20 minutuko karrerak, 40 minutukoak… eta batzuetan 24 ordukoak ere edukitzen dituzte: «Oraindik ez dut 24 orduko bat korritu. Asteon dugu bat, baina azterketekin gabiltzanez, ez dakit lehiatu ahal izango dudan».
Dioenez, hain ezaguna izan ez arren, ez da gauza berria: «Lehen bi lagunen artean egiten zenuen taldea. Baina, orain, taldeek aurrekontuak dituzte, eta babesleek euren ekipamendua oparitu egiten diete. Babesleak nahikoa garrantzitsuak dira. Denboragaz gauza hobetzen doa».
Munduan 60.000 bat pertsona ari dira simracingean. Alabaina, pilotu onenak, «top-ean daudenak» gutxi direla zehaztu du Albizuk: «1 Formulan bezala da, gutxi heltzen dira. Euskal Herrian nahikoa pilotu onak daude, bai eta Espainian ere; munduko top-ean daude batzuk».
Euskaldun horietako bat Alex Arana da. Espainiako eskuderia edo talde garrantzitsuenetako batean dago, eta bera da Espainiako onenetarikoa.
Albizuk Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxean batxilergo teknologikoa ikasten du, eta abuztuan beteko ditu 18 urte. Hurrengo ikasturterako zein asmo duen galdetuta, informatika edo ingeniaritza informatikoa ikastea gustatuko litzaiokeela erantzun du, edo bestela bideo jokoekin lotura daukan zer edo zer: «Simracing munduagaz erlazionatutako zerbait».
Halaber, dituen aukeren artean dago bideojokoen garapen eta diseinuko graduak eskaintzen dituen Digipen Institute Of Technology Europe-Bilbao zentroa. Munduan hiru zentro ditu: AEBetan, Singapurren eta Zierbenan. Hain zuzen, 2018-2019 ikasturtean Bilbora lekualdatzeko asmoa daukate. «Lau urteko ikasketak eskaintzen ditu. Oso intentsoa da, 11 hilabete urtean. Ez da titulazio ofiziala; euren titulazioa da, baina guztiz prestatuta ateratzen zara».
Munitibartarraren berbetan, bideo jokoen munduak gorakada itzela izan du 2017an, eta aurten ere ildo beretik jarraituko duela uste du. «Simracingean ere gauza bera gertatu da; 2017an egon den gorakada izugarria izan da, eta 2018a oraindik handiagoa izatea espero da. Goruntz joango da».
Herritarrei erakusten
Berak udalari proposatuta, Gabonetako oporraldiko egitarauaren barruan simracing mundua hurbiletik ezagutzeko erakustaldia eman zuen. Jende nahikoa joan zen udaletxera, eta askok probatu zuten. Esperientzia ona izan zela nabarmendu du: «Jendeari gustatu zitzaion. Ondo pasatu zuten. Ez da PlayStationean mandoagaz jolastearen modukoa. Konplikatuagoa da. Hasieran gaitza egin zitzaien denei; lehen bihurgunean denek kolpea hartzen zuten, gero hobetzen joan ziren». Bere afizioaren berri herritarrei emateko aukera eskaintzeagatik eskerrak eman dizkio udalari.
Era berean, batek baino gehiagok probatu dute bere etxean. Jendeak probatu nahi badu gorkalbizu@gmail.com posta elektronikora mezu bat bidaltzeko eskatu du. «Oso entretenitua da, eta gura duenari pozik erakutsiko diot».
Euskal Herriko pilotuen taldea sortu nahian dabiltza. «Adibidez, Katalunian egin dute. Twitterretik berba egin dut batzuekin. Ez dut ia inor ezagutzen; Amezketako bat ezagutzen dut. Egia esan, ez dago jende nahikorik oraindik, eta talde bat sortzeko diru asko behar da».
Taldeak gero eta handiagoak direla eta babesle asko sartzen ari direla dio: «Pilotu askorentzat hau doan da. Simracingetik oraindik ezin daiteke bizi. Iaz nahikoa eztabaida egon da horri buruz mundu honetan sartuta dabilen jendearen artean. BainaYoutuben famatuena denak ere ez dauka honetaz bizitzeko; hurbildu ere ezin da egin».
Hala ere, indar handia hartu du, eta horretan eragina izan du 1 Formulako hainbat pilotu simracing munduan sartzeak, Fernando Alonso asturiarra, adibidez. «Urtetik urtera gero eta jende gehiago dagoela ikusten da. Ni hasi nintzenean, neu bakarrik aritzen nintzen; ez nekien taldeak zeudenik ere. 2017an izugarrizko boom-a izan du».