«Sakontasunez» garbituko dute Gernika-Lumo, ‘Platino erratza’ lortzeko helburuz
Garbitasunaren saria den Platino erratza lortu nahi du Gernika-Lumoko Udalak, eta, horretarako, Garbitasuna ekimena martxan jarri du. Hala, bost hilabeteko epean, herria “sakontasunez” garbitzea da asmoa.
Hain justu, kaleetan eta plazetan sakoneko zikinkeria kendu nahi du, eta, horregaz batera, sarreretako belar txarrak atera, harriak kendu, bideetan dauden akatsak konpondu eta hiri-altzariak egokitu.
Lan horiek egiteko, hiru talde sortu dituztela azaldu du udalak; 4 edo 6 langiletakoak. Hileon, esaterako, Fray Martin de Murua, Iturriondo eta Marijesien plazan dabiltza beharrean, lurzoru-garbigailuak eta ur-garbigailuak erabilita.
Halaber, Tiloetan, gune industrialean eta Oka ibaiaren hegalean ere ariko dira lanean, bertako sasiak eta sastarrak kentzen. Izan ere, gune horietan, “arratoi eta sugeen habiak” daude. Gune horiek kontuan hartuta, guztira, 10.000 metro koadro garbituko ditu udalak. Hala ere, Donejakue bideko hegalak eta Lumo auzoko hainbat baserrietarako bideak ere egokitu gura dituzte.
Udalak jakinarazi du udaberrira arte iraungo dutela lanek, eta azaldu du behar horiek egiteko langabezian egon diren 4 pertsona kontratatu dituela, Lanbidek bultzatutako programa baten bitartez.
Lan horiek bukatutakoan, ekainean, Santa Luzia auzoko beheko seinaleak berrituko dituztela aurreratu du herriko alkate Jose Maria Gorroñok.
Urrezko erratza. Udalak gogorarazi du 2014an Urrezko erratza saria lortu zuela Gernika-Lumok, “udalak egindako ahalegina eta inbertsioagatik”. Hain zuzen, Ategrus Hondakinen kudeaketarako eta Ingurumenerako Elkarte Teknikoak eman zion saria Gernika-Lumori.
Orduko hartan, kutsagarriak ez diren hondakin industrialen planta lehenengoz jarri izana Ibarran, arrandegi-hondakinak atez ate biltzea, hiria garbi mantentzea eta lorategiak ondo zainduta egotea izan ziren udalaren arabera balio handiena izan zuten alderdiak.