Pilota aukeraketagaz pozik geratu dira Urrutikoetxea, Albisu eta Laso
Zapatuko partidurako sei pilotak aukeratu zituzten atzo eguerdian, Markina-Xemeingo frontoi nagusian. Albisuk eta Lasok Unin jokatzen duten estreinako aldia izango daZapatuan 17:45etik aurrera Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatuko duten EPELen Eskuz ...
Zapatuko partidurako sei pilotak aukeratu zituzten atzo eguerdian, Markina-Xemeingo frontoi nagusian. Albisuk eta Lasok Unin jokatzen duten estreinako aldia izango da
Zapatuan 17:45etik aurrera Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatuko duten EPELen Eskuz Binakako Txapelketako partidurako pilotak aukeratu zituzten atzo eguerdian, Mikel Urrutikoetxea, Jon Ander Albisu eta Unai Laso pilotariek, eta konforme azaldu ziren aukeraketagaz. Bien artean adostu zituzten pilotak Albisuk eta Lasok, Urrutikoetxeak, berriz, Ruben Beloki Asegarceko arduradunaren laguntza izan zuen, izan ere, zapatuko partiduan bikote izango duen Untoriak ez zuen pilota aukeraketan egon ahal izan.Albisuk eta Lasok azaldu zutenez, euren pilotak apur bat biziagoak dira. Hala ere, seirak politak direla nabarmendu zuen Jon Ander Albisuk. Unai Laso ere gustura gelditu zen erabakiagaz. «Orokorrean material polita da. Gureak pixkat biziagoak dira, eta beti esaten dudan moduan, horrelako pilotak niri asko gustatzen zaizkit», adierazi zuen.
Markina-Xemeingo frontoian jokatuko duten estreinako aldia da bientzat, eta lehen inpresio on bat eraman zuten gipuzkoarrak eta nafarrak. «Frontoi polita ematen du, agian, pilotak bote arraroren bat ematen du, baina frontoiaren neurriak hartu eta ea zapatuan partida on bat egiten dugun», zioen Albisuk.
Frontoi handia eta polita iruditu zitzaion Lasori ere. «Frontisa eta lurra ondo doazkigu, eta frontoi ona dirudi».
Puntu erabakigarria
Mikel Urrutikoetxeari ere, pilota politak begitandu zitzaizkion Markina-Xemeingo frontoian jokatzeko. «Gero, partida egunean ikusi beharko da zelan moldatzen diren eta zelan moldatzen garen».
Uni udal pilotalekua ezagutzen du Zaratamokoak. Bertan jokatuko duen bigarren aldia izango da etzikoa. Eskuz Binakako Txapelketaren hamaikagarren jardunaldia jokatu zuen iaz Imazegaz batera, eta 22-21 irabazi zieten Altuna III.ari eta Barriolari. Hala ere, partidu bakoitza ezberdina dela dio aurrelariak.
Beti bezala, Markina-Xemeingo frontoira oso gustura datorrela aitortu du. «Bizkaitarra izanda eta partida Bizkaian izanda, oso gustura etortzen zara. Zaleek beti frontoia betetzen dute, asko animatzen gaituzte, eta hori eskertzekoa izaten da».
Zapatuko puntua garrantzitsua izango da bikote bientzat. Sailkapenari begira Urrutikoetxea-Ladis Galarza bikoteak 5 puntu ditu, Olaizola II-Imazegaz berdinduta, eta laugarren postuan daude. Victor-Albisu bikotea, berriz, zazpigarren postuan dago, 3 puntugaz. Beraz, hamargarren jardunaldiko garaipena bere egitea biziki nahi dute bikote biek. «Gu bi partidu jarraian galtzetik gatoz, eta eurak azken partida irabazi egin dute, beraz, bai eurentzako eta bai guretzako oso garrantzitsua da puntu hau sailkapenari begira», zehaztu zuen Urrutikoetxeak.
Txapelketako bigarren partidua jokatuko du Untoriagaz. «Zoritxarrez, aurten atzelarien aldaketa asko suertatu dira. Ladisen lesioa, Aretxabaletarena gero. Niri pena handia eman zidan Andoniren lesioak lagun handiak garelako eta oso momentu txarrak pasa izan dituelako. Gainera, ikusten nuen bera ere disfrutatzen zebilela, oso ondo jokatzen ari zen, eta pena eman zidan».
Aretxabaletaren ondoren beste bi atzelari izan ditu, azkena Untoria. «Oso ondo ezagutzen gara, urte osoan asko jokatzen dugulako elkarregaz. Ea bion artean bikote on bat osatzen dugun».
Emozioz beteta dator partidua, eta ikustera joan nahi dutenek zapatuan bertan 16:30etik aurrera lortu ahalko dituzte sarrerak frontoiko leihatilan, 15, 20 eta 25 eurotan. Horrez gain, markinaeskupilota@gmail.com helbidearen bidez ere erreserbatu ahal izango dira.
Eskuz binakako txapelketako partidaren aurretik, Dario-Irusta eta Gorka-Salaberri bikoteen arteko promozioko partidua jokatuko da.