Gernika RTk berdindu egin du Gaztediren kontra Amaiur Torneoan
17-17 amaitu zen zapatuan Gernika RTren eta Gaztedi Neskak taldearen arteko partidua, Urbieta rugby zelaian. Lortutako bi puntuen ostean, talde gernikarrak Amaiur Torneoaren sailkapenean postu bat gora egin, eta laugarren postuan dago. 25 puntu ditu, M...
Lukene Uriarte kapitainaren berbetan, taldea gogotsu aritu zen lehenengo momentutik. «Oso ondo jokatu genuen, gustura eta oso pozik gaude. Eurek baino gehiago erakutsi genuen zelaian; aurpegia eman genuen, eta eurei irabazteko gai garela erakutsi dugu».
Jarrera lehiakorra
Lehen zatian Eider Elordik lortu zuen etxekoen lehen entsegua, eta bigarren zatian Gartzik beste bi lortu zituen. Leirek bakarra transformatu zuen, azken entsegua, alegia. Kapitainak zehaztu du entrenamenduak Gaztediren jokoaren arabera egin zituztela, eta horrela partidua kontrolpean izatea lortu zutela: «Bagenekien zelan jokatzen duten; haiek geldiarazteko gai garela ikusi dugu». Etxeko jokalariek gogoa eta jarrera dutela erakutsi izana nabarmendu du Uriartek.
Basa asko egon zen zelaian, eta horrek eragin zuzena eduki zuen aurkarien jokoan. Uriartek esan duenez, eurak ohituta daude, baina Gaztedikoak ez. Aurkariek basan egin zituzten beroketak, eta hankak kargatuta heldu ziren partidura. «Guk belar artifizialean egin genituen beroketak, haiek lokaztutako zelaian. Ondorioz, nekatuta heldu ziren partidura, eta hori igarri zen».
Asteburuan lehiatuko duten azken jardunaldian garaipena lortzea da basurdeen erronka: «Derrigor irabazi behar dugu, eta Riojak galdu egin behar du Eibarren kontra».