Barrote arteko istorioak, eskultura eta bertsoetan
2014 eta 2017 urteen artean St. Martin de Re espetxean egindako hogei eskultura jaso ditu Zigor Merodiok, eta lagun biren bertsoez lagunduta, erakusketan jarri ditu ikusgai Gernika-Lumoko Kultur Etxean.Gure herriak gainean dauka ziegaren pisu astuna, h...
2014 eta 2017 urteen artean St. Martin de Re espetxean egindako hogei eskultura jaso ditu Zigor Merodiok, eta lagun biren bertsoez lagunduta, erakusketan jarri ditu ikusgai Gernika-Lumoko Kultur Etxean.
Gure herriak gainean dauka ziegaren pisu astuna, hamarkadetan presondegiak askoren etxe urruna. Euskal Herriko familietan guztioi dagokiguna, badugu norbait zulo hortara nolabait lotzen gaituna. Yon Troitiño Murtziako espetxean preso dagoen donostiarraren hitzak dira, kartzelatik bertatik idatzitakoak. Eta urteek daukaten pisua irudikatzen duen eskulturari dago lotuta.Aldharrikatuz erakusketaren ostean dakar Zorroztarri bilduma Zigor Merodia bilbotarrak. Harriz egindako tamaina ertaineko hogei eskultura sortu eta erakusketa berri batean bildu ditu. Eskulturez gain, bertso eta argazkiek osatzen dute Zorroztarri. Merodiok artelanen bidez adierazi nahi izan duena bertsoz egin dute Yon Troitiño eta Rennes espetxean (Frantzia) dagoen Alaitz Areitio presoek. Artelan bakoitzari bertso bana idatzi diote, eta horri laguntzeko Edu Martinezen argazkiak ere baliatu ditu erakusketaren egileak.
Zorroztarri hiru preso horien «barrenean mailuaren soinua eta bertso artean, hiru espetxetatik umore onean eta txarretik zerbait ona atera nahian» sortu dela azaldu dute, eta Euskal Herria urrun badute ere, «ausardia eta ilusioa» dakartzate, «hori baita espetxeetan laneko zorrotarria».
Merodiok 2014. urtean jarri zuen ikusgai, lehenengoz, Aldharrikatuz erakusketa. Gernika-Lumo izan zuen abiapuntu erakusketak, eta bi urtez Euskal Herrian barrena ikustarazi zuten, han eta hemengo lokal eta udal aretoetan. Orduan, 2008 eta 2014 urte bitartean Fresnesen eta St. Martin de Re espetxean egindako lanak eman zituen ezagutzera.
Bigarren erakusketa hori, berriz, atzo jarri zuten ikusgai, Gernika-Lumoko Kultur Etxean, eta otsailaren 15a bitartean bisitatu ahalko da.