Karparen babespean ospatu dituzte sanbizenteak
Zapatuko garagardo dastaketa eta pizza festa izan dira jaietako berrikuntzak. Adin guztietako herritarrentzat egon dira ekintzak. Pintxo jana egin zuten atzoHerriko plazan jarritako karparen babespean ospatu dituzte San Bizente jaiak Munitibarren.Barik...
Zapatuko garagardo dastaketa eta pizza festa izan dira jaietako berrikuntzak. Adin guztietako herritarrentzat egon dira ekintzak. Pintxo jana egin zuten atzo
Herriko plazan jarritako karparen babespean ospatu dituzte San Bizente jaiak Munitibarren.Bariku iluntzean hasi ziren sanbizenteetako ekitaldiak karpan bertan. Unai Elorriaga idazleak eta Maddalen Arzallus eta Jon Martin bertsolariek bertaratu ziren guztiei bertsolaritzaz eta literaturaz une berean gozatzeko aukera bikaina eman zieten. Han egon ziren herritarren arabera, «saio ederra» eskaini zuten hiru protagonistek.
Zapatuan, goizetik hasi ziren martxan berriz ere. Herriko txikienek frontoian jarritako puzgarrietan eta beste jokoetan jolasteko aukera eduki zuten. Nagusiek, ostera, Boga garagar- doaren dastaketan parte hartu ahal izan zuten; 20 bat lagun batu ziren. Lehenengo Boga garagardoaren egileak aurkeztu zituzten, ondoren garagardoa egiteko lehengaiak ezagutu eta usaindu zituzten, eta, amaitzeko, garagardoa bera dastatzeko aukera eduki zuten. Ekitaldi arrakastatsua izan zen.
Bien bitartean, trikitilariak ibili ziren herriko kale eta bazterrak girotzen.
13:00ak aldera euri zaparrada hasi zuen, eta karparen babesera joan ziren herritarrak, trikitilarien musikak girotuta. Arratsaldean, ohi bezala, karta jokoan aritzeko batu ziren; mus txapelketa jokatu zuten, eta Gernikako Aitorrek eta Aitorrek osatutako bikoteak irabazi zuen.
Amaiera, musikagaz
Egunari amaiera emateko, musikak hartu zuen herriko plaza. The Riff Truckers talde eatarrak rock&roll doinuekin asebete zuen jendea, eta Eskupitajo taldeak, ostera, punk doinuekin. Gauari eta zapatuko jaiari amaiera emateaz DJ Elvis Cano arduratu zen.
Domekan pilota partiduak egon ziren ikusgai frontoian, eta, atzo, mezaren osteko pintxo dastaketagaz agurtu zituzten aurtengo San Bizente jaiak munitibartarrek. Asteburuan Aulestiko Narea auzora ailegatuko dira.