Busturialdeko harategiak saritu dituzte Mungiako sanantontxuetan
Gernika-Lumoko Jesus Maria Martijaren harategiko txorizoa eta Bermeoko Baserri harategiko barazkiz egindako buzkentza saritu dituzte MungianAurten ere, ez dira esku hutsik bueltatu eskualdeko harakinak Mungiatik; San Antontxu jaietako 22. Euskadiko txo...
Gernika-Lumoko Jesus Maria Martijaren harategiko txorizoa eta Bermeoko Baserri harategiko barazkiz egindako buzkentza saritu dituzte Mungian
Aurten ere, ez dira esku hutsik bueltatu eskualdeko harakinak Mungiatik; San Antontxu jaietako 22. Euskadiko txorizo eta odoloste txapelketan Bermeoko eta Gernika-Lumoko harategi bana saritu dituzte. Epaimahaiaren arabera, Gernikako Jesus Maria Martijaren harategiko txorizoa izan da denetan onena, eta Bermeoko Baserri harategiarenak izan dira barazkiz egindako buzkentzik gozoenak.«Pozik» da Martija Mungian hartutako sariagaz; «saria irabaztea beti da-eta gauza ona». Salmenta gehiago izateko, gainera, lagundu egiten dute tankera horretako sariek harakinaren ustez. Txapelketa gehiagotan parte hartutakoa da Martija; hala nola, Bermeon, Mungian, Bilbon… Baina txorizo onenaren saria hartzen duen lehen aldia dela aipatu du. Odoloste txapelketan, bestalde, jaso izan du sariren bat edo beste.
Gernika-Lumoko harakinak dio sekreturik ez daukala beraien harategian egiten duten txorizoak: «Produktua bertokoa eta ona izatean dago gakoa». Hala, txerria bertokoa izateagaz batera, erabiltzen duten piperra ere Gernikakoa izaten da. «Piper hutsa izatea da garrantzitsua, antzina baserrietan egiten zuten moduan», azaldu du.
Hurrengo txapelketa zein izango den ez dakien arren, horietan parte hartzen jarraituko duela adierazi du gernikarrak; sariagaz, gainera, «beti gogo handiagoa» sortzen dela aitortu du. Bermeoko San Martin azokan, behintzat, parte hartuko du Jesus Maria Martijak; ez dute inoiz hutsik egiten eta.
Asier Elgezabal Bermeoko Baserri harategiko harakina ere «pozik» agertu da Mungian jasotako sariagaz. Urte guztian egindako lanaren aitortza dela aipatu du, eta lanean jarraitzeko indarra ematen duela aitortu du, «nahikoa lan ematen baitu buzkentzak egiteak». Mota horretako sariek salmentetan «beti» laguntzen dutela esan du: «Jendeak gustukoa izaten du saridunen buzkentzak probatzea. Sariaren ostean jende asko etorri da galdezka».
Bermeoko Baserri harategikoak San Antontxuko sariketara aurkezten diren bigarren aldia da, baina sariketa gehiagotan parte hartu izan dute. Bermeon, esaterako, San Martin azokako txapelketan parte hartu izan dute. Aurten, laugarren geratu ziren, eta, iaz, hirugarren.
Baserri harategiko buzkentzak produktu naturalekin egiten dituztela azaldu du, produktu guztiak, gainera, bertokoak izaten direla nabarmendu du Elegezabalek; «garrantzia handia ematen diogu horri». Sekreturik duen galdetuta, lana baino ez dela esan du.