Bertso Indusketak jendez eta bertso onez bete du Akerbeltz
150 lagun inguru batu ziren gaztetxean herriko Gazte Asanbladak antolatutako bertso saio berezia ikusi eta entzuteko. Pozik gelditu da publikoaAurreko oholtzatik hasi eta atzeko ateraino bete zen Akerbeltz gaztetxea zapatu gauean, Hirugarren Mundu Gerr...
150 lagun inguru batu ziren gaztetxean herriko Gazte Asanbladak antolatutako bertso saio berezia ikusi eta entzuteko. Pozik gelditu da publikoa
Aurreko oholtzatik hasi eta atzeko ateraino bete zen Akerbeltz gaztetxea zapatu gauean, Hirugarren Mundu Gerraren osteko Bertso Indusketa entzun eta ikusteko. Saioaren aurreko afariko txartel guztiak agortu ziren, eta bakarrik saioa ikustera joan zirenak batu zitzaizkien ondoren. Hala, 150 lagun inguruk gozatu zuten Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatutako saio berezia.Pozik gelditu ziren saioagaz bai antolatzaile zein entzuleak. Bertsolarien lana zein osaketa guztia gustatu zitzaien ikusleei, mozorroak, apaindura, bai eta gidoia ere; saioan sortu zen giro ona eta bertsolarien lana nabarmendu dituzte, ostera, antolatzaileek.
Bonbardaketagaz hasi zen 10. Akerbeltz Bertso Txapelketa, eta oihala altxatutakoan gerra osteko giroan murgildu zen. Guztia hondatuta egonik, gaztetxea zegoen lurren eskaria egin zuten batzuek, eta horiek guztiak deitu zituen oholtzara udaletxeko ordezkariak, bakoitzak bere proposamena aurkeztu eta defendatzeko.
Ekologisten garaipena
Guztira sei proposamen egon zirela jakitera eman zuen, eta horiez gain, gazteena ere egon omen zen, baina baldintzak betetzen ez zituztela eta, kanpoan utzi zituzten.
Horrela, binakako taldeetan ariketak osatzen hasi ziren hamabi bertsolariak: Josune Aramendi eta Joseba Sololuze (Ekologistak); Ane Labaka eta Nahia Ibarzabal (Racinek); Joseba Artza Urta eta Ander Elortegi (Inuitak); Nerea Ibarzabal eta Lander San Martin (Armagiliek); Eneko Arrate eta Xabat Galletebeitia (Astronautak) eta Aitor Arrizubieta Toko eta Lander Ibarluzea Aitxulua (Zestalarixek).
Ofizioetan lehenengo, bakarkakoan gero, eta jolasetan ere jardun zuten. Batera kantatzeko ariketa, argazkien ariketa, erreleboka, elkarri puntua jartzen, eta bizkor kantatzen egin behar izan zuten, besteak beste.
Udaletxeko ordezkari eta bertsolariez gainera, munduko gerra irabazi zuen Oro Well eta bere robot Silborg eta saio osoa gaztetxearen aztarnen garrantzia azpimarratzen igaro zuen Arantza Adi ere izan ziren protagonistak. Horiek testuinguruan kokatu zuten publikoa, ariketaz ariketa.
Astronautak eta Ekologistak ailegatu ziren buruz burukora, eta Ekologistentzat izan zen garaipena. Beraz, ortu publikoak egiteko egitasmoa zen aurrera egin behar zuena, baina irabazleak ezagutzera eman eta gero, udaltzaina atera zen oholtzara, eta kanpoan gazte pila bat zegoela esan zuen gaztetxea okupatzeko asmoz, eta hala, gazteek bere egin zuten Akerbeltz.
Ebazpenagaz ados gelditu zen zapatuko saioko publikoa, eta txalo zaparradagaz eskertu zuten bertsolarien eta antolatzaileen lana.