Jauzi garrantzitsua egitea lortu du Lurgaia fundazioak Urdaibain baso zabala sortzeko,
Gure basoak, gure etorkizuna kanpainaren bidez. Izan ere, Muxikako Ibarruriko Undabason, Urdaibaiko biosfera erreserba barruan egongo den hariztirik zabalena sortu nahi dute, eta hartarako behar zuten dirutza lortu dute herritarrek egindako ekarpenei esker.
Oraintsu amaitu berri den finantzaketa kolektiboko kanpainari esker, 385 finantzatzaileren babesa lortu dute, eta, guztira, 37.459 euro jaso dituzte. Azaldu dutenez, 20.000 eta 37.000 euro artean lortu nahi zituzten proiektuaren garapena ziurtatzeko, eta lortu dute. Hortaz, “oso pozik” agertu dira emaitzarekin.
Lurgaia fundazioko kide Mireia Valleren esanetan, 31 hektarea eskuratuko dituzte lortutako diruarekin; hala, guztira, 57 hektarea izango dituzte Undabason. Horiek guztiak pinudi izateari utziko diote, eta bertoko baso bihurtuko dituzte. Hala ere, orain arte kudeatzen dituzten lurren inguruetakoak ere kudeatzeko asmoa agertu dute; izan ere, 100 hektareako lur eremu oso eta jarraitu bat baso bihurtzeko helburua daukate, hortik gorako lursailak jotzen baitira basotzat.
Baikor agertu dira Lurgaia fundazioko kideak, eta daukaten helburua lortzeko aukerak badaudela uste dute.
Aukerak sortu
Kanpaina abian jartzearekin batera lursail gehiago erosteko aukerak sortu zaizkiela azaldu du Vallek: “Hamabost urte daramatza Lurgaia fundazioak lanean, eta betidanik egin du hau. Hala ere, denborarekin harremanak handituz doaz, eta aukera gehiago sortzen zaizkigu. Hortaz, argi dago lortutakoa ez dela nahikoa, gure basoek asko behar baitute lehengoratzeko”.
Bizkaian, gainera, lursail gehienak pribatuak direla nabarmendu du. Hortaz, zenbat eta diru gehiago lortu, lursailak erosteko aukerak areagotuko dira Valleren arabera: “Horrela, gure etorkizunerako baso gehiago edukiko ditugu”. Kanpainaren bitartez, bestalde, ezagutzera eman dute beren burua, eta bazkide gehiago lortu dituzte fundaziorako; hori “oso ona” da, bazkideek urtero jartzen duten dirua lursailak erosteko erabiltzen baitute “zuzenean eta osotasunean”. Fundazioak egiten duen lana “asko hedatzea” lortu dute.
Dirua norbanakoek eta enpresek eman dute. Maier kooperatiba aipatu du Vallek, esaterako. Horiek, gainera, langileekin jardunaldi bat antolatuko dutela gaineratu du.
Diru ekarpena egin duten horien guztien izenak argitara emateko panelak egiteko asmoa iragarri dute. Oraingoz panel birtuala izango dela zehaztu dute. Hala ere, azaldu dutenez, ondo legoke egunen batean Undabason panelen bat jartzea bertoko basoa lehengoratzen lagundu duten guztien izenekin.
Kanpainak gizartearen ardura agerian utzi duela diote; “guk uste genuen baino ardura handiagoa dagoela erakutsi digute”. Vallek esan du, gainera, ardura ez dela euskal herritarrena bakarrik: “Galiziako pertsona batek 1.000 euro eman ditu, eta Madrildik ere dirua jaso dugu”. Lurgaia fundazioko kideak, hortaz, “pozik” daude, egiten duten lana jendearengana iristen delako.
Gure basoak, gure etorkizuna kanpainari buruzko balorazioa egiteko hitzaldi bat antolatu dute; hilaren 24an izango da, eguaztenean, 19:30ean, Lurgaia fundazioak Deustun duen egoitzan.
Boluntario eske
Undabason lortutako azken 31 hektareetan, 10.000 zuhaitz eta zuhaixka landatuko dituzte. Landaketa horiek egiteko, laguntza eskatu dute, fundazioak boluntarioekin egiten baititu landaketak.
Hurrengo landaketa datorren asteburuan egingo dute, urtarrilaren 27 eta 28an. Aurreko jardunaldietan egin bezala, Undabason zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeaz gain, beste lan batzuk ere egingo dituzte: haritzen mintegi txiki bat prestatuko dute, anfibioentzako putzuak txukunduko dituzte, txorientzako etxetxoak jarriko dituzte, eta zuhaitz eta zuhaixkei babesleak ipiniko dizkiete.
Bi egunetako jardunaldiak 09:30ak eta 13:30ak bitartean izango direla jakinarazi dute, eta boluntarioak 09:30ean batuko dira Muxikako Ibarruri auzoko eliza ondoko aparkalekuan.
Lurgaia fundazioa arduratuko da beharrezko material guztiaz —eskularruak, lanabesak…—. Boluntarioei, hortaz, “gogoa” baino ez diete eskatzen, bai eta goiza igarotzeko behar beste ur eroatea ere.
Lurgaiaren jardunaldietan parte hartu nahi duten horiek aurretiaz eman beharko dute izena,
info@lurgaia.org helbide elektronikora mezu bat bidalita edota 94-657 61 10 eta 606 141 837 telefono zenbakietara deituta. Ondoren, otsailaren 24 eta 25ean eta martxoaren 24 eta 25ean batuko dira gauza bera egiteko.
Asteburuetan egingo dituzten jardunaldietan parte hartzeko dei egin diete herritar eta enpresei; diotenez, gero eta gehiago baitira bere langileak zuhaitzak landatzera eramateko apustua egiten duten enpresak. Gainera, ekarpena egin duten guztiek jaso dute zuhaitzak landatzera joateko gonbidapena.
Beste leku askotan
Bizkaiko beste leku askotan ere lanean dago Lurgaia fundazioa. Larrabetzun, esaterako, lursail bat daukate: “Bertako anai-arreba batzuen lursaila da. Akordio bat eginda, lurra eman digute guk kudeatu dezagun, eta lursail horretan landaketak egiten ari gara. Joan den asteburuan egon ginen han lanean”.
Bestalde, zenbait udal beraiekin harremanetan jartzen ari direla esan dute, Plentzia eta Bakiokoa, adibidez.
Urdaibaiko biosfera erreserban, berriz, 2004an hasi zuen Lurgaia fundazioak Busturiko Amunategi errekaren leheneratze ekologikoaren proiektua. “Amunategin, eukaliptoak ibaiertzeraino iristen ziren. Gaur egun, berriz, erriberako benetako basoa ikus daiteke han egindako lanari esker”, azaldu du Vallek.
Vallek esan duenez, egitasmo honen helburu nagusia bertoko basoak leheneratzea eta horrekin etorkizuna hobetzea da. Haritzez osatutako basoa da bertoko bereizgarriena. Gaur egun, hala ere, basoen egoera “ez da ona”, bertoko zuhaitzak pinu eta eukaliptoekin ordeztu direlako. Bertoko basoak lehengoratzeak “etorkizun hobea” ekarriko duelakoan, lanean ari dira Lurgaia fundaziokoak, eta “bide onean” doaz.