Lekeitioko aurrekontua iazkoa baino %6 handiagoa izango da
Herritarrek egindako ekarpen batzuk gehitu dizkio udal gobernuak hasierako proposamenari. 791.360 euro izango dituzte aurten inbertsioetarakoIaz baino 470.000 euro gehiago izango ditu aurten Lekeitioko Udalak. Iaz 370.000 euro itzuli behar izan zizkiot...
Herritarrek egindako ekarpen batzuk gehitu dizkio udal gobernuak hasierako proposamenari. 791.360 euro izango dituzte aurten inbertsioetarako
Iaz baino 470.000 euro gehiago izango ditu aurten Lekeitioko Udalak. Iaz 370.000 euro itzuli behar izan zizkioten Bizkaiko Foru Aldundiari udalkutxatik, eta aurten ez diote ezer itzuli beharko, eta horren eragina nabaritu dutela azaldu du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak. Aurtengo aurrekontua, beraz, iazkoa baino % 6 handiagoa izango da: 7.824.601 milioi eurokoa izan zen iaz, 2018an, aldiz, 8.294.678 milioi eurokoa onartu dute.Udal gobernuak bere proposamena aurkeztu zuen azaroan, eta azken bi urteetan egin bezala, herritarren ekarpenak, iritziak eta proposamenak jasotzeko epea zabaldu zuen, azaroaren 22tik abenduaren 11ra bitartean. Udal gobernuak jakitera eman duenez, guztira herritarren bost ekarpen egon dira, eta oposizioan dagoen EH Bilduk ere aurkeztu ditu batzuk.
«Udal gobernuak ekarpenak aztertu ditu, eta herritarrei erantzun ere egin die. Ekarpen gehienak ontzat hartu dira, eta aurrekontuan barneratu dira; beste batzuk, berriz, aurtengo aurrekontuak aukera emango balu, gauzatu ahalko lirateke». Epe luzerako proiektuak ere badaudela esan dute, hurrengo urteetan martxan jartzekoak, eta horiek ere kontuan hartuko dituzte.
Ekarpenak
EH Bilduk 2018ko udal aurrekontu proposamenaren inguruan aurkeztutako emendakinei dagokienez, lau emendakin osotasunean onartu dituztela azaldu dute. Hala, Iturriotzeko partida beste 5.000 eurotan igotzea onartu dute, guztira partidak 10.000 euro izango dituelarik; Berdintasun planeko partida 2.000 eurotan igoko dute, azken urteetan egindako lanari bultzada ematen jarraitzeko; Aratuste jaietara zuzendutako diru partida 1.500 eurotan igoko dute; sanpedroetara zuzendutako partida 3.500 eurotan igoko dute.
Gainontzeko ekarpenei dagokienez, Isuntza Arraun Elkarteak egindako ekarpenak aurrekontu proposamenean aurreikusten direla jakitera eman dute. Hala, lokaleko pasilloa, bulegoa eta gimnasio txikia margoztea eta argiteria aldatzea ere aurreikusita dituzte. Sabaia ere konponduko dute. Atabaka elkarteak Garraitz 25 proiekturako egindako 20.000 euroko eskaerari, berriz, 5.000 euro ematea erabaki du udalak printzipioz, eta proiektuan sakontzen joateko prestutasuna erakutsi du. Azkenik, Lekitto Bedarrak egindako ekarpenetatik hiru onartu dituzte, eta, ondorioz, diruz lagunduko dituzte, Usotegi Lorategia balorean jartzeko.
«Lekeitio eta lekeitiarren alde lan egiteko eta haientzat beharrezkoak diren proiektuak egin ahal izateko aurrekontua da. Baina erakunde desberdinetan atea jotzen jarraituko du udalak, azken urte bietan egin duen bezala», adierazi dute.
Inbertsioak
2018 urtean 791.360 euro izango ditu udalak inbertsioetarako. Horien artean, Santa Katalina paseoaren hirugarren fase bat egitea aurreikusten dute (100.000 euro); Arropain auzoan espaloia egitea (66.585 euro); Elizate-gasolindegiko urbanizazioa egitea (100.000 euro); Mendieta ontziola egonkortzen jarraitzea (45.000 euro); eskola publikoetan segurtasun neurriak hobetzeko konponketak egitea (60.000 euro); Musika Eskolako egoitza berriaren lehen fasea aurrera eramatea (50.000 euro); kirol instalakuntzetan hobekuntzak egitea, skatepark eta futbol zelaiaren ikerketa barne (147.000 euro); uda sasoian lekeitiarrentzako aparkalekuak ziurtatzeko sistema guneak zabaltzea; argiteri publikoaren aldaketaren II. fasea gauzatzea (30.000 euro); HAPOgaz aurrera jarraitzea (100.000 euro) eta Ikusgarri Zinema Aretorako baliabide berriak erostea (25.000 euro).
Bestalde, San Andres auzoa berritzeko aurreikusten duten 1,8 milioiko kopurua ez dutela aurrekontuetan sartu esan dute.