Hango eta hemengo artisten lanak bildu eta Gernika 1937-2018 erakusketan jaso dituzte. Arte ezberdinetako lan horiek Elai Alai aretoan ikusgai daude hilaren 31 arte.
“Gerraren errealitatea liluragarri izatetik urrun dago.
Gerra ankerra eta zikina da eta tristuraz eta miseriaz josita dago». Massimiliano Tonelli artistaren hitzak dira. Arte kritiko eta poetak berak ere gerraren ankerkeria jasan eta bizi izan du, baina maitasunak salbatu zuen. Artea ere babesleku bilakatu zuen.
Artistaren ustez, «ez dago inolako justifikaziorik gerra bezalako egintza arbuiagarrien aurrean», eta ziur da «hutsa eta alferrikakoa» dela gerraren balioa justifikatzeko edozein aitzakia. Gerran gizakiak biktimak direla deritzo, eta italiarrak «sistematikoki eta beldurrik gabe» gerraren aurka egitera gonbidatzen ditu herritarrak. Hala ere, gatazkak indarragaz eta biolentziagaz baino, zentzua eta etengabeko elkarrizketen bidez konpondu behar direla uste du.
Bakea helburu duten bide berriak sortu nahi ditu Tonellik, mesfidantza konfiantzan bilakatuta, beldurra segurtasunean eta iraganeko zauria etorkizuneko konpromiso.
Gizakien egunerokotasunean oinarrizko bakearen haziak landatu behar direla sinesten du, Elai Alai aretoko erakusketako artistek bezala.
Nork bere arte estiloan,
Gernikan 1937an jasandakoa islatu dute, performance, eskultura, pintura, argazkigintza, grabazio, instalazio, bideo, poesia eta musikaren bitartez. Honakoak dira lan horien guztien
egileak: Ricardo Abaunza, Teresa Ahedo, Jose Pablo Arriaga, Marisol Cavia, Jose Cobo, Maria Jesus Cueto, Josu Euba, Edu Gordo, Edurne Gorrotxategi, Jessica Llorente, Monica Martin, Koldo Mendez, Giusu Naletto, Mariemi Otaola, Gloria Pereda, Jose Maria Pinto, Josu Rekalde, Santi de Paulas, Massimiliano Tonelli, Juan Torre, Rinaldo Turati eta Juan Jesus Villaverde.
Artista horiek gerraren arbuio eta bakearen omenaldi gisa sortu dute erakusketa eta, hamaika lanen bitartez, mugak eraistearen, arrazak ezabatzearen eta bataren eta bestearen arteko aldeak suntsitzearen aldeko aldarria egin dute. «Arteak, poesiak eta musikak beti egin baitute bakearen aldeko aldarria bere bertso, nota eta artearen bitartez».
Gernikan ikusgai egon ostean,
Bizkaiko beste zazpi aretotan jarriko dute ikusgai datozen hileotan.