Eragile pribatuek berreraikitako Gernikaren historia landu nahi dute
Bonbardaketaren ostean ekimen pribatuz eraikitako herria ikertuko du Gernikazarrak. Don Tello kaleagaz hasiko dira; bertako etxebizitzetako jabeen laguntza eskatu duteBonbardaketak suntsitutako herriaren berreraiketaren historia lantzen dabiltza azken ...
Bonbardaketaren ostean ekimen pribatuz eraikitako herria ikertuko du Gernikazarrak. Don Tello kaleagaz hasiko dira; bertako etxebizitzetako jabeen laguntza eskatu dute
Bonbardaketak suntsitutako herriaren berreraiketaren historia lantzen dabiltza azken urteotan Gernika-Lumon; tartean, Gernikazarra Historia Taldea. 2016. urtean, esaterako, herriaren berreraiketa eragile pribatuen eskutik ikertzea eta aztertzea hartu zuen helburu herriko historia taldeak; «azken finean, iniziatiba pribatua izan baitzen Gernika berreraiki zuena». Eta behar horretan sakondu ahal izateko, herritarren parte hartzea eskatu du.Herria bere osotasunean aztertu gura du Gernikazarrak, baina pausoz pauso egingo du lanketa, eta Don Tello kaleagaz hasiko du lana. Apirila bitarte ariko dira lanketa horregaz. Gune horretako lursailak norenak ziren, kale horretako eraikinak nork eraiki zituen, zein arkitektoren bitartez egin zuten, jabegoaren orduko banaketa zein zen… jakin nahi dute.
Iniziatiba pribatuz
«Orain arteko artikulu, liburu, erakusketa eta abarretan Regiones Devastadas erakundeak bonbardaketaren ostean berreraikitako hiriguneaz hitz egiten da, baina hori Artekale kalean eta zenbait eraikinetan udaletxea, merkatu plaza, osasun etxea, epaitegia… baino ez da oinarritzen, herriaren gainontzekoa ekimen pribatuen bitartez eraiki zuten eta.
Halaber, herriko komertzioek izan duten bilakaera ere aztertu nahi dute; «gerra aurretik zegoena badakigu, baina orain gerora egon zenaz jakin nahi dugu». Horretarako, egungo establezimenduen jabeei galde egingo die.
Historia hori eraikitzeko, baina, informazioa beharrezkoa dute. Baina «dokumentazio falta» dagoela zehaztu dute; izan ere, gerra aurreko dokumentuak erre egin ziren, eta geroko asko galdu egin dira. «90eko hamarkadaren hasieran, esaterako, Udal Alhondiga zaharra eraitsi eta beragaz batera joan zen Udal Artxibo Historiko berria ere», azaldu dute. Hori dela eta, etxebizitzen jabeen laguntza eskatu dute, jabetza tituluen edo bestelakoen bidez jakin nahi duten hori ezagutzeko.
Falta diren dokumentu horiez gain, baina, bada esku artean daukaten informazioa ere: Arkitektoen Elkargo Ofizialaren artxiboa, aldundiaren artxiboak, zenbait artxibo pribatu… Azken horien artean dago, esaterako, Jose Alberdi Ojangurenek Gernikan eta inguruetan egindako hainbat obra eta eraikuntzari buruzko dokumentu bilduma. Hala, horregaz eta daukaten bestelako dokumentazioagaz animatu dira eragile pribatuek egindako herriaren berreraikuntzaren historia egitera.
Hori guztia egiteko, 3-4 urtetako beharra edukiko du bederatzi lagunez osatutako taldeak, eta amaitutakoan, guztia liburu batean jasoko dute. Hala ere, kalez kale aztertzea dute asmoa, eta, gune bakoitzaren ikerketa bukatu ahala publikatzen joango direla azaldu dute.