Berriatuarrek mediku elebiduna ipintzeko eskatu dute
Herritarren kexak tarteko, Berriatuko Udalak eta Uemak herrian mediku elebiduna ipintzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Azaldu dutenez, behin betiko lanpostua duen familia medikua euskalduna da, baina hura eszedentzian dago, eta haren ordez euskara...
«Behin betiko lanpostua duen medikua euskalduna da, eta eszedentzia hartu bitartean euskaraz eskaini izan du zerbitzua. Jakinarazi digutenez, luzerako ordezkapena izango da». Hala, une honetan herritarren hizkuntza eskubideak ez direla bermatzen gaineratu dute.
«Jakin badakigu langile euskaldunak aurkitzeko arazoak izaten dituztela, baina sendagile elebakarrek ez dituzte herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen». Argitu dutenez, herritarrak dira kexatu direnak, eta horregatik bideratu dute eskaera. «Herritarrek diote ezin dutela sendagilearekin eroso sentitzen diren hizkuntzan komunikatu».
Berriatua herri euskalduna eta Uemako kidea da; herritarren %81,9 euskaldunak dira. «Berriatua euskararen arnasgunea da. Beraz, euskara eroso sentitzen eta herritarrek normaltasun osoz erabiltzen duten herria da».
Hizkuntza eta osasungintzaren kalitatea lotuta daudela diote. «Jon Darpon osasun sailburuak adierazi zuen moduan, hizkuntza funtsezkoa da osagile eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko». Hizkuntzak daukan garrantzia legeak ere jasotzen duela gaineratu dute (67/2003 Dekretua). «Erabiltzailearekiko komunikazioa ezinbestekoa da, eta, hortaz, pazientea euskalduna bada edo euskaraz komunikatu nahi badu zerbitzua euskaraz bermatu behar zaio».
Pazientea «ardatza» dela kontuan hartuta, erabiltzaileen hizkuntza eskubidea errespetatu eta Berriatuara mediku elebiduna ekartzeko eskatu dute Uemak eta udal ordezkariek.