Probaz proba, markak hobetuz
Norberaren ahaleginak edukitzen du saria; dela garaikurra dela asebetetzea. Gernika Atletismo Taldeko kideek egiten duten esfortsuak ere badauka berea, eta probaz proba izaten da nabaria.Ezina ekinez egina. Hala dio esaera zaharrak, eta askok bere egit...
Norberaren ahaleginak edukitzen du saria; dela garaikurra dela asebetetzea. Gernika Atletismo Taldeko kideek egiten duten esfortsuak ere badauka berea, eta probaz proba izaten da nabaria.
Ezina ekinez egina. Hala dio esaera zaharrak, eta askok bere egiten dute modu batean edo bestean. Kirol munduko hainbatek argi erakusten dute esaerak duen pisu eta egia. Aurretiaz entrenatutakoa erakusteko aukera ona izaten da proba eguna, eta baita gozatzeko ere.Gernika Atletismo Taldeak bateko zein besteko lasterketa zein probetan parte hartzen du; krosean, duatloietan, txakurkrosean… Ume zein nagusiak aritzen dira, neska zein mutil.
Joan den asteburuan ere etenik ez zuten eduki. Errioxan lehiatu zen txakurkros txapelketan parte hartu zuten, esate baterako, eta taldeko Karmele Naberan Olaetak bigarren postua eskuratu zuen, bere txakur Sua- gaz batera.
Bizkaiko txapelketarako puntuagarria izan zen eskolarteko krosean parte hartu zuten taldeko umeek Muskizen, eta gehienek aurreko postuetan sailkatzea lortu zuten.
Herri berean lehiatu zen Master mailan ere aritu ziren taldeko kide Aitor Uriarte eta Silvia Hermida. Zortzigarren egitea lortu zuen Uriartek, eta Hermida sailkapeneko erdialdeko postuetan geratu zen.
Bestalde, Elgoibarko krosean euskal selekzioagaz jardun zen Unai Lobato. Selekzioko kideen artean laugarren sailkatu zen, eta sailkapen orokorrean (100 bat parte hartzaile) 30. postua eskuratu zuen.
Azkenik, 2017ko duatloi eta triatloiko atletak saritu zituzten Gatikan, eta horretan ere ez zuen hutsik egin bertoko taldeak; izan ere, Gurutz Kortabitartek saria jaso zuen junior mailan.
Asteburuan, Berrizen
Asteburu honetan ere ez dira geldirik geratuko, eta Berrizen daukaten hitzorduagaz bat egingo dute domekan. Bizkaiko kros txapelketa lehiatuko dute, bakarka zein taldeka. 10:00etan ekingo diote probari kadeteek, eta absolutuen mailagaz bukatuko dute. Taldeak jakitera eman duenez, kategoria guztietan parte hartuko du Gernika Atletismo Taldeak.
2014an sortu zuten taldea, eta gaur egun 80 bat kide biltzen ditu bere baitan. Running taldea ere egina dauka, eta astelehen eta eguaztenean elkartzen dira ordubetez lasterka egiteko. Hor ere adin guztietako herritarrak batzen dira.