Irakurleen txokoak 'Intimitatea' liburua landuko du bihar
Urtarrileko hirugarren eguenagaz batera iritsiko da beste behin ere Bermeoko irakurleen txokoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, hilabete honetan, Hanif Kureishi idazlearen Intimitatea liburua izango dute aztergai. Oraingoan, euskarara itzulita dagoen li...
Irakurleen txokoko parte hartzaileak bihar batuko dira, horrenbestez, udal liburutegiko 3. solairuan, ohi legez, 18:30etik 20:00etara.
Hilero modura, udal liburutegian bertan eskatu ahal izango da irakurri beharreko liburua, eta hitzordura irakurrita eroan beharko da. Hori eginda, aurten dinamizatzaile lanak egiten ari den Arrate Egaña idazleagaz batera liburua lantzeko aukera edukiko dute.
Bikoteen bizipenak eta pertsonen izatearen zirrikituak arakatu ditu Hanif Kureishi idazleak Intimitatea liburuan. Liburuko protagonistak den-dena daukala dirudi, emaztea eta bi seme-alabak barne; bizimodu erosoa, hain zuzen. Hala ere, familia ereduaren porrota kontatzen duen liburua da Intimitatea.
Maitasuna arautzen ez denean, merkatu sistema librearen antzera, burtsak bezala, gainbehera datorrela kontatzen da liburuan. Sistema kapitalistaren porrota edo merkatu librearen porrota legez, protagonista merka- tu librean dabil. Bikotekideak, berriz, besteekiko ardura eta autodiziplina lantzen ditu, sakrifizioa.
Irakurleen txokoaren bitartez, literaturari buruzko solasaldiak indartu eta euskal literatura eta idazleen lana ezagutzera eman nahi du Bermeoko Udalaren Euskara Sailak.