Esentziari eutsi dioten utopistak
Dientes de Luna talde gernikarrak bere lan berria aurkeztuko du bihar: 'Utopista'. Euren nortasunari fidel, estilo ezberdineko sei abesti bildu dituzte LP berrian, kolaborazioak eta euskarazko letrak tarteko. Bilboko Azkena aretoan egingo dute bihar la...
Dientes de Luna talde gernikarrak bere lan berria aurkeztuko du bihar: ‘Utopista’. Euren nortasunari fidel, estilo ezberdineko sei abesti bildu dituzte LP berrian, kolaborazioak eta euskarazko letrak tarteko. Bilboko Azkena aretoan egingo dute bihar lan berriaren aurkezpena.
Esentzia mantenduz, baina eskarmentuak eta barne lan handiak dakarren eboluzioagaz kaleratu du Dientes de Luna talde gernikarrak bere azken lana. Sei kanta biltzen ditu, eta Utopista du izenburu, gaur egun bidezko ikusten ez duten gizarte perfektu batean bizitzeko itxaropena galdu barik, beraiek izateko aukera ematen dien bide bat imajinatzen dutelako.Taldearen bigarren lan luzea da, eta Mas vale tarde aurreko diskoaren eta Mi abril izeneko single-aren oihartzunaren ostean, berriz ere erasora datorrela dio boskoteak.
Unai Bilbao (gitarra eta teklatua), Asier Iturbe (gitarra), Lander Egia (baxua), Joseba Mugartegi (bateria) eta Aimar Did (ahotsa eta gitarra) dira taldekideak. Azken horrek azaldu duenez, taldearen esentzia mantendu dute, musika bera eginez, baina produkzioari dagokionez denbora gehiago inbertitu dute, kalitatean hobetuz. Disko berriak abesti oso landuak dakartzala aipatu du Cidek. «Talde askok egiten dutena da hamabi kanta sortu, eta, gero, diskoa ateratzeko lau kendu. Baina gure lan egiteko modua justu kontrakoa da. Kanta bat ondo edo oso ondo ikusi arte ez dugu bigarrena sortzen. Beraz, kanten kopurua kontuan eduki beharrean, saiatzen gara egiten ditugun kanta horiek borobilak izan daitezen», azaldu du. Disko berria ateratzeko, seigarren kanta sortu ostean argi ikusi zuten kanta horiekin atera behar zutela diskoa.
Utopista Dientes de Luna dela argi nabaritzen da Ciden ustez, baina abesti bakoitzak bere estiloa duela: «Taldeko nortasuna finkatuta daukagu, eta badakigu Dientes de Luna zer den. Hortik abiatuta, bakoitzak bere konponketak egiten dizkio abestiei».
Gernikan, apirilean
2005ean sortu zen Dientes de Luna. Denbora tarte horretan, taldekideen musika gustu ezberdinak uztartzea lortu du taldeak, soinu propioa bereganatuz. Kaleko rockaren eragina nabarmena bada ere, taldeak ez ditu etiketen gainetik dauden beste estilo batzuk baztertzen. Lortu dutenagaz pozik egon arren, oraingoan, esentzia bera mantenduz, hausnarketa sakonago bat duen lana kaleratu dutela diote.
Kolaborazioak ere izan dituzte: Marea taldeko Kutxi Romerok eta Hesian taldeko Zuriñe Hidalgok kolaboratu dute gernikarren lan berrian. Euskarazko abesti bat ere bildu dute lanean, eta beste bat dute gazteleraz eta euskaraz. Cidek berak esan duenez, taldekideek argi izan dute euskaraz kanta bat atera behar zutela, «gure hizkuntza delako».
Bihar egingo dute lan berriaren aurkezpena, 10:00etan, Bilboko Azkena aretoan. Barikuan aurkezpen kontzertua emango dute, leku berean, 22:30ean. Aurkezpen birarako datak zehaztuta, martxoan eta apirilean ere agenda beteta du taldeak. Gernikan, apirilean ikusi ahalko da zuzenekoan, Iparragirren. Diskoa bihar jarriko dute salgai.