Murueta bosgarrena izan da 680 kiloko Euskadiko Txapelketan
Goma Gaineko 2018ko Euskadiko Sokatira Txapelketa zapatu arratsaldean hasi zuten Laukizen, gizonezkoen 680 eta emakumezkoen 540 kiloetako kategoriekin.680 kiloko kategorian saio bakarra jokatu zuten, eta Ibarra izan zen onena; 21 puntu eskuratuta jantz...
680 kiloko kategorian saio bakarra jokatu zuten, eta Ibarra izan zen onena; 21 puntu eskuratuta jantzi zuten 680 kiloko txapela gipuzkoarrek.
Gaztedi sailkatu zen atzetik, 16 puntugaz, eta hainbat arratzuar dauden Sokarri talde bizkaitarra sailkatu zen hirugarren postuan, 11 puntugaz. Muruetaren aurretik, Zuraide sailkatu zen laugarren. Hain zuzen, bi taldeek hamarna puntu lortu zituzten, eta, ondorioz, Zuraidek eta Muruetak berdinketa hausteko tiraldia jokatu zuten.
Beti Gazte izan zen seigarrena, eta haren atzetik geratu ziren Abadiño eta Gabat-Jutxi.
Murueta taldeko sokatiralarien berbetan, taldean «egiteko lan asko daukatela argi ikusi» zuten. «Akats ugari egin genituen, eta nerbioek ere ez ziguten lagundu».
Nesken 540 kiloko lehen saioari dagokionez, Badaiotzek eskuratu zituen puntu gehien (4 puntu). 3 puntugaz, Gaztedi sailkatu zen bigarren. Ibarra izan zen hirugarrena (2 puntu) eta Beti-Gazte laugarrena (puntu bat).
Bigarren jardunaldia datorren domekan lehiatuko dute Mungian, eta finala, berriz, hilaren 27an izango da (oraindik ez dute zehaztu non).
640 kiloko lehen saioa
Bestalde, domeka goizean lehiatuko dute 640 kiloko lehen jardunaldia Mungian gizonezkoek. Kategoria horretan hamar talde lehiatuko dira: Murueta, Sokarri, Abadiño A, Abadiño B, Beti-Gazte, Gaztedi, Ibarra, Gabat-Jutxi, Ñapurrak-Lagunak eta Zuraide.
Bigarren jardunaldia hilaren 28an izango da Azkoitian, eta Idiazabalek hartuko du finala, otsailaren 10ean.