Irakurleen txokoak 'Intimitatea' liburua landuko du eguenean
Urtarrileko hirugarren eguenarekin batera iritsiko da beste behin ere Bermeoko irakurleen txokoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, hilabete honetan, Hanif Kureishi idazlearen Intimitatea liburua izango dute aztergai. Oraingoan, euskarara itzulita dagoen liburu bat aukeratu dute taldean lantzeko.
Irakurleen txokoko parte hartzaileak eguenean batuko dira udal liburutegiko 3. solairuan, ohi legez, 18:30eatik 20:00etara.
Eguenean irakurleen txokoan parte hartu gura duenak udal liburutegian bertan eskatu ahal izango du irakurri beharreko liburua, eta hitzordura irakurrita eroan beharko du. Hala, aurten dinamizatzaile lanak egiten ari den Arrate Egaña idazleagaz batera liburua lantzeko aukera edukiko dute.
Bikoteen bizipenak eta pertsonen izatearen zirrikituak arakatu ditu Hanif Kureishi idazleak Intimitatea liburuan. Liburuko protagonistak den-dena daukala dirudi, emaztea eta bi seme-alabak barne; bizimodu erosoa, alegia. Hala ere, familia ereduaren porrota kontatzen duen liburua da Intimitatea. Maitasuna arautzen ez denean, merkatu sistema librearen antzera, burtsak bezala, gainbehera dator. Sistema kapitalistaren porrota edo merkatu librearen porrota legez, protagonista merkatu librean dabil. Bikotekideak, berriz, besteekiko ardura eta autodiziplina lantzen du, sakrifizioa.
Irakurleen txokoaren bitartez, literaturari buruzko solasaldiak indartu eta euskal literatura eta idazleen lana ezagutzera eman nahi du Bermeoko Udalaren Euskara Sailak.